Higinio Rivero Basque Teameko piraguistak bederatzigarren amaitu du Pariseko Joko Paralinpikoetan
Higinio RiveroHiginio Rivero palista laugarren izan da Parisko Jokoetako VL2-200 metroko proban, eta, ondorioz, eztia ezpainetan dastatu duen arren, A finaletik pauso batera geratu da.
Higiniok ez zuen finalerako txartela lortu duela bi egun jokatutako sailkatze txandan, izan ere, serie bakoitzeko piraguistarik azkarrena baino ez zen sartzen horretan, eta bere kasuan, “cowboy” ezizenaz ezaguna den Fernando Rufino de Paulo brasildarrak ezarritako erritmoa altuegia izan zen, gehiegizkoa berarentzat. Bizkaitarrak laugarren postuan bukatu zuen bere sailkatze txanda eta finalerdietara pasa zen, final handira heltzeko beste pauso bat ematera behartuta.
Gaur eguneko bigarren finalerdian lehiatzea egokitu zaio, bietan zailena, eta gainera, haizea kontra izateak ere ez dio batere lagundu. Riverok laugarren postuan bukatu du bere txanda, 56.28ko denborarekin, Blake Haxton estatubatuarrarengandik 3.59ra. Zazpigarren izan da bi finalerdiak kontuan hartuta. Finalean txanda bakoitzeko hiru onenak sartzen ziren.
Higiniok Basque Teameko komunikazio taldeari esan dio pozik zegoela egindako denborarekin, aurreikuspenak bete baititu.
Riverok, nazioarteko hainbat domina izateaz gain, bere palmaresean diploma paralinpikoa badauka, 2021eko Tokioko Jokoetan bereganatutako seigarren postuagatik.
Pariseko Jokoetan bere parte-hartzea amaitu ondoren, Higiniok bere hurrengo erronkan pentsatzen du jada. Basque Teameko kirolariak 2026an Milan-Cortina d’ Ampezzon jokatuko diren Neguko Jokoetarako sailkatu nahi du. Aurreko denboraldian, Higinio iraupen eskian eta biathloian lehiatzen hasi zen nazioartean, eta honetan gauza bera egingo du. Atseden egun gutxi hartuko ditu elurretako entrenamenduetan pentsatzen hasi behar duelako.