Higinio Rivero Basque Teameko kirolariak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du
26-abuztu-2023

Higinio Rivero Basque Teameko kirolariak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du

Higinio Rivero

Piraguistak seigarren amaitu du Duisburgoko Munduko txapelketako
VL2-200 metroko finalean

Higinio Riverok lortu du Duisburgon (Alemania) jokatzen ari den Munduko sprint piraguismo txapelketan joan aurretik zeukan helburu nagusia. Bizkaitarrak seigarren postuan bukatu du VL2-200 metroko A finala eta horrela ziurtatu du 2024ko Pariseko Jokoetarako txartela. Frantziako hiriburukoak bigarren Jokoak izango dira Basque Team Fundazioaren beka duen palistarentzat. Tokion ere lehiatu zen eta han diploma paralinpikoa irabazi zuen, seigarren amaituta.

Duisburgeko Munduko Txapelketan Higinio bigarren izan zen sailkapen-saioan. 54.236ko denbora egin zuen, Igor Alex Tofalini brasildarraren atzetik helmugan sartuz, eta Kanada, Hungaria, Japonia, Thailandia eta Alemaniako ordezkarien aurretik bukatuz.

Finalerdian bere emanaldia are hobea izan zen. 53.437ko denbora egin zuen eta bere finalerdian nagusitu zen horrela, Andrii Kryvchun ukrainarra (54.383), Edward Clifton britainiarra, Tamas Juhasz hungariarra, Marius-Bogdan Ciustea italiarra, Anas Al Khalifa alemaniarra, Santi Wantawee thailandiarra eta Yuta Takagi japoniarra gaindituta.

Gaur finalean Higiniok ezin izan du dominengatik borrokatu, baina 2024ko Pariseko Jokoetan parte hartuko duela ziurtatu du, seigarren amaitu baitu 54.137ko markarekin. Munduko Txapelketako urrea eta zilarra Fernando Rufino de Paulo eta Igor Alex Tofalini brasildarrek eskuratu dituzte, eta brontzea Steven Haxton estatubatuarrak.

“Aurrera egiten saiatu naiz, baina gogorra egin zait azkenean. 100era arte dominen lehian nenbilen, baina haizeagatik eta uragatik, gogorra baitzen, azkenean apur bat pattal ibili naiz. Pozik gaude Paris 2024rako sailkatu garelako; horrela datorren urtean lan egiteko eta dominen lehian egoteko denbora eta lasaitasuna izango ditugu” adierazi dio Riverok Espainiako Piraguismo Federazioko komunikazio taldeari proba amaitu ondoren.

Begoña Lazcano Basque Teameko kirolaria ere amets olinpikoaren atzetik dabil eta oraindik bere aukerei eusten die. Gaur K2-500 metroko A finalerako sailkatu da Laia Pelachsekin batera, eta bihar lehenengo seien artean sartzen badira, txartela lortuko dute.

Honekin lotutako berriak

26-uztaila-2026

Miren Lazkanok brontzezko domina irabazi du Oklahoma hiriko Munduko Txapelketako kayak kroseko proban

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano Basque Teameko piraguistak hamaikagarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketako kanoako finalean

Informazio gehiago
25-uztaila-2026

Miren Lazkano finalera pasatu da Oklahomako ur bizietako Munduko Txapelketan, eta Klara Olazabal dominen lehiatik kanpo geratu da

Informazio gehiago
24-uztaila-2026

Maialen Chourrautek zazpigarren amaitu du Oklahomako Munduko Txapelketan eta Pau Echanizek hamargarren

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Basque Teameko Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistak Oklahomako Munduko Txapelketako kayakeko finalera pasa dira

Informazio gehiago
23-uztaila-2026

Miren Lazkano eta Klara Olazabal Basque Teameko piraguistak kanoako finalerdietara pasatu dira Oklahomako Munduko Txapelketan

Informazio gehiago