18-urria-2017

"Hemendik 2020ra horrela lan egiten, maila honetan lehiatzen eta goian egoteko asmoa izaten jarraitzea espero dut”

Jon Carazok denboraldiaren inguruko hausnarketa egin du, Sarasotan (Florida) arraun olinpikoko Munduko txapelketa jokatu ondoren

Basque Teameko arraunlariarentzat aurtengoa denboraldi nahiko ona izan da, oso luze joan den arren: kanpainiak 13 hilabete iraun ditu. 2016koa urte zaila izan zen, Rioko Jokoetarako olinpiar sailkapena lortzeko borrokatu zen Jon, baina azkenean ez zuen pasea erdietsi.

Behin aurreko olinpiar zikloa bukatuta, bizkaitarrak banko mugikorraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta 2017an gauzak ez zaizkio batere txarto joan. Bere ontziak brontzea irabazi zuen Belgradeko Munduko Kopan, zortzigarren amaitu zuen Raciceko (Txekiar Errepublika) Europako txapelketan eta zazpigarren Sarasotako (Florida) Munduko txapelketan, B finala bereganatuta. “Denboraldia nahiko positiboa izan da. Domina lortu dugu Munduko Kopa batean eta finalistak izan gara hurrengoetan. Munduko txapelketan ez da desiratutakoa gertatu, baina oso positiboa izan da eta datozen urteetarako esperantza ematen digu” dio Jonek.

Iaz lemezaindun zortziko ontzian egiten zuen arraun Jonek eta aurten lemazain gabeko laukoan. Espainiako Arraun Federazioan aldaketak egon dira, baita taldean ere, eta teknikariek azken ontzi honen aldeko apustua egitea erabaki dute. Jonen ustez, pena izan da Munduko txapelketan lehen sei onenen artean ez bukatzea, baina helburuak betetzen ari dira bai denboraldiari dagokionez, bai zikloari dagokionez.

Carazok arraunari eskaintzen dio bere denbora guztia eta Tokio2020 du xede nagusitzat. Bere buruari presioa jarri nahi ez dion arren, Rioko Jokoekin gertatutakoagatik arantza atera nahi du. Noraino hel daitekeen ikusteko lan egin nahi du, uste duelako asko daukala oraindik erakusteko eta lantzeko. “Hemendik 2020ra horrela lan egiten eta maila honetan lehiatzen jarraitzeko asmoa daukat, goian egon ahal izateko”, baieztatzen du Zierbenakoak.

Berehala hasiko da entrenatzen hurrengo denboraldiari begira. Egutegian nabarmenak dira ekainean hasiko diren Munduko Kopak, abuztuan Glasgown (Britainia Handia) jokatuko den Europako txapelketa eta irailean Plovdiven (Bulgaria) jokatuko den Mundiala.

Honekin lotutako berriak

13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago