Mikel Linacisoro Basque Teameko eskalatzaileak denboraldiaren balantzea egin digu. Aurten Munduko txapelketetan eta Gazteen Olinpiar Jokoetan parte hartu du gipuzkoarrak.
Aurten denboraldi bizia izan du Mikel Linacisorok. Innsbruckeko Munduko txapelketan lehiatu da kategoria absolutuan, Moskukoan jubeniletako kategorian eta Buenos Airesen jokatu dituzten Gazteen Olinpiar Jokoetan.
“Aurten 20 urtez azpiko kategorian lehen aldiz aritu naiz eta kategoriako gazteena izan naiz, gainera. Hurrengo urteari begira, gauza asko ikasi ditugu eta asko disfrutatu dugu”.
“Jubeniletako Munduko txapelketa aurten Errusian izan da eta orain arte boulder eta abiadura diziplinetan flojo ibili naizen arren, asko entrenatu eta hobekuntza ikusi dut. Beraz, horregatik oso pozik. Bestalde, Gazteen Joko Olinpikoak esperientzia zoragarria izan dira. Txapelketa ez da nahi bezala joan, 15. postuan bukatu dodalako. Finalean egon nahi nuen, lehenengo seien artean, baina etxera pozik bueltatu naiz, eta errepikatuko nuke”.
Mikelek Tokiorako prestaketekin jarraitzen du. Han lehen aldiz sartuko da eskalada programa olinpikoan.
“Abiadurak, boulderrak eta zailtasunak bat egingo dute. Modalitate hori nolakoa izango den jakin dugu eta hori ondo egon da Tokiorako eta hurrengo Jokoetarako formatua nolakoa izango den ikusteko eta ikasteko”.
“Eskalada olinpikoa izateak kirol hau markatu du. Lehen eskalatzaile bakoitzak aukeratzen zuen, edo zailtasuna, edo boulderra edo abiadura, baina orain aldatu egin da eta jendeak dana egiten eta eskalatzaile konpletoa izaten ikasi behar du. Ikastaro honetan zailtasuna izan da gehien entrenatu dudana eta hor ibiltzen naiz erosoen. Eskasena niretzat abiadura da”.
Eskalada Medikuntzako ikasketekin uztartzen du Linacisorok. Aurten hasi da unibertsitatean.
“Unibertsitatean hasi naiz eta oraingoz nahiko ondo nabil biak tartekatzen, baina ez da erreza. Ordu asko ematen ditugu entrenatzen, astean lau egun, baita asteburuetan ere. Ordu asko kentzen dizkit ikasteko eta beste gauza batzuk egiteko, baina gogoa jarrita aterako dugu”.
Bergarakoa estreinakoz sartu da aurten Basque Team Fundazioaren beka sisteman, eta oso gustura dago.
“Basque Team taldeak laguntza handia ematen digu. Alde batetik egoteko lekua edo entrenatzeko lekua; eta bestetik, bertako laguntza: nutrizioa, medikuak, kirol-teknikariak. Horrez gain, beste leku batzuetan entrenatu ahal izateko ere laguntza ematen digu”.