"Ez dut esaten irabaziko dudanik, baina aurkariek aintzat hartzen naute eta hondartza hori gustatzen zait"
Alex Uranga Basque Teameko bodyboardlariak titulua berretsi nahi du Brasilgo Itacoatiara Pro txapelketan, ostegun honetatik aurrera jokatuko duten Grand Slamean
Rio de Janeiroko estatuaren barruan dagoen Niteroi hirian jokatzen den txapelketak inflexio-puntu bat markatu zuen iaz Alexen denboraldian. 2015ean izan zuen lesioa gainditu zuen zumaiarrak eta Brasilgo lehian garaipena aurkitu zuen. Ordutik aurrera oso erregular ibili zen eta tituluagatik borrokatu zen amaierara arte, Kanarietako probara heldu arte. Munduko zirkuitua merezitako bosgarren postuarekin bukatu zuen eta horrez gain, Europako zirkuituan nagusi izan zen.
Denboraldi honen hasiera ere ikaragarria izan da, berak dioen moduan “abiatze ona irteera-parrilan”. Hawaiiko Mike Stewart txapelketan lortutako hirugarren postuaren ostean, Tahiti Teahupo´o delakoan erdietsitako bosgarren postua etorri da. “Munduko olaturik gogorrenak dira eta emaitzak riderrak asebetetzen dituzten horietakoak izan dira, puntu gehien banatzen dituzten txapelketak ez izan arren” dio Urangak.
Olatuen izaeragatik Tahitikoa munduko txapelketarik berezienetako bat da, nahiz eta Grand Slama ez izan. Alex final laurdenetara heldu zen eta kirolari mitiko eta handi batek baino ezin izan zuen kanporatu: Mike Stewartek. BASQUE TEAMeko kirolaria oso pozik dago egindako lanarekin, are gehiago, lortutako 10arengatik. “Bigarren txandan leku egokian nengoen, olatuaren irakurketa bikaina egin nuen; tuboa hain luzea eta estalia izan zenez, epaileek 10a eman zidaten eta olatuak sekulako arrakasta izan zuen”.
Alex Uranga laugarren postuan dago orain munduko zirkuituko sailkapen nagusian; borroka oso estua da eta berdintasun hori hautsi egingo da Hegoamerikako hurrengo probetan: Brasilgoan eta Txilen jokatuko diren bietan, Arican eta zAntofagastan. Alex Brasilen da jada eta bereziki motibatuta dago lehenengo probarako. “Ez dut esango irabaziko dudanik, baina aurkeriek aintzat hartzen naute eta hondartza hori gustatzen zait”.
Zumaiarrak badaki baldintzak oso aldakorrak izango direna eta txanda bakoitzean irakurketa egokiena egin beharko duena. “Erne egotea eta itsasoarekin konexioa bilatzea oso garrantzitsua izango da”.