Mariasun Quiñones bere heldutasunagatik eta atepean duen segurtasunagatik nabarmentzen da. Bere helburua egunez egun haztea eta ikastea da, beti eskertua aurreko belaunaldiek egindakoagatik futbolean emakumearen estatusa aldatzen joan dadin, pixkanaka bada ere. Emaitzek eta jokoak esandakoa baieztatzen dute; adibide gisa, azken Eurokopa eta azken Munduko Txapelketa. Tokio 2020rako txartela ez zuten oso gutxigatik lortu, baina Realean jokatzen duen atezainak dio Pariseko Jokoak helburu eskuragarriak direla. Berarekin hitz egin dugu, aurten Basque Team Fundazioaren beka jaso duten kirolarien zerrendan lehen aldiz sartu dela aprobetxatuz.
“Egia da urte arraro xamarra ari dela izaten baina nik uste dut garrantzitsua dela aurrerapausoak ahalik eta lasterren ematea, eta ondo ematea gainera; hortaz, oso pozik denboraldia hasi berri dugulako, oraindik nahiz eta hilabete asko geratu, ziurrenik urtea hobeto joango delako eta elkarren artean aurrera aterako dugulako urte berezi hau.
“Badirudi apur bat ezberdina dela, taldekako kirolak eta banakakoak, baina ez du zertan horrela izan behar. Azkenenan bakoitzak lan egiten du bai berarentzat eta bai taldearen lana edo indarra areagotzeko. Beraz, aurtengo helburua hobetzea, gorengo mailan ondo konpetitzea eta onenen artean bukatzea izango da”.
“Egia da azken urteetan aurrerapausoak eman direla, errekurtsoak areagotu direlako. Laguntza areagotu da, gehiago ematen digute…laguntza hori asko eskertzen da eta demostratzen ari gara. Egia da Eurokopan eta Munduko txapelketan irudi ona eman dugula eta hori da gure helburua, gero eta hobeto egon, irudi hobea eman, lan gehiago egin eta hoberen artean egotea”.
“Uste dut beti ikusten genituela, edo nik behintzat, kirolari horiek, olinpikoak izan nahi zuten kirolari horiek Basque Teameko ereserki horrekin eta azkenean gaur egun hemen egotea kriston ilusioa izateaz gain, kriston harrotasuna da niretzat. Uste dut Basque Teamek asko egin duela bai kirol mailan bai gizarte mailan ere. Kirolariak gero eta hobeto ikusten gaituzte eta uste dut zentzu batean edo bestean hor Basque Teamek asko egin duela”.
“Oso pozik helburua hor daukagulako eta Mundialean emandako mailagatik, gertu egon ginelako Tokioko txartela eskuratzeko. Egia da ez dugula lortu baina ez dugu amore emango”.