Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak euren lana sendotuko dute berdintasuna bultzatzeko
07-martxo-2017

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak euren lana sendotuko dute berdintasuna bultzatzeko

Orain dela urte batzuk helburu horrekin lan egiten hasi zen Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritza, eta hemendik aurrera ere helburu horrek lehentasuna izango du

Kirol arloan berdintasuna bultzatzen jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak egitasmo berezi bat jarriko dute martxan datozen hilabeteetan

Kirol arloan berdintasuna lortzeko lan egiten eta sakontzen jarraitzea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kulturako Konseilaritzaren lehentasunezko helburua da, zehazki Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzarena eta Basque Team fundazioarena.

Berdintasunaren gaia aurreko urteetan ere landu izan da, emakumezkoen kirolak orotariko prentsan eta kirol hedabideetan duen tratamenduaren inguruko ikerketekin 2013-2014 eta 2015-2016 denboraldietan, ikerketa horiek aztertzeko eta sozializatzeko jardunaldiekin eta 2015ean sortutako gida bereziarekin: ‘Kirolean emakumeen kontrako sexu-jazarpena eta abusuak prebenitzeko gida’.

Dena den, oraindik asko geratzen da egiteko eta lanean jarraitu behar da Gobernuak onartuko duen ‘Berdintasunaren VII. Plana’k ezarritako arauen ildotik.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak genero ikuspegitik gaien tratamendua sistematikoki barneratu nahi dute eskaintzen dituzten zerbitzu eta programetan eta lantzen dituzten proiektuetan, baita gizartearekin eta intereseko beste talde batzuekin dituzten harremanetan ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna da bultzatu nahi den baloreetako bat eta horretarako lanean jarraitu nahi da, aldaketa kualitatiboak eta kuantitatiboak eragiteko. Hori dela eta, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Teamek ekintza hauek martxan jarriko dituzte datozen hilabeteetan lan-marko baten barruan:

• Euskal Autonomi Erkidegoan ‘Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako VII. Plana’k dituen helburu eta beharren ardatzak berdintasunaren aldeko estrategian txertatzea.

• Erakunde hauetako personal teknikoarekin, bestelako agenteekin (kirol federazioak, hornitzaileak…) eta Basque Teameko kirolariekin eurekin ere, sentsibilizazio eta formakuntza ekintza bereziak antolatzea.

• Erabiltzen diren komunikazio euskarri guztiak birpasatzea eta moldatzea, komunikazioaren erabilera sexista gerta ez dadin.

• Emakume kirolarien lana agerian jartzea jada indarrean dagoen konpromisoari eutsiz.

• Euskal Autonomi Erkidegoan kirol arloan gerta daitezkeen sexu-abusu kasuei heltzea eta horiek prebenitu eta desagerraraztea.

• Euskal Autonomi Erkidegoan, kirol arloan suerta daitezkeen beste eskaera batzuetan arreta jartzea emakume eta gizonen arteko desparekotasuna deuseztatzeko.

Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak helburutzat dute gizartean kirola bihurtzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko esparru, era erreal eta efektiboan, eta horretarako gizarteko estamentu guztiei, eta batez ere hedabideei, borroka horretan laguntzeko eskatzen diete.

Azkenik, 2017ko martxoaren 8an ospatuko den ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ dela eta, Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak ‘Berdintasuna nire baitan ere hasten da’ lelopean hasitako kanpainarekin bat egiten dugu.

Honekin lotutako berriak

12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago
06-otsaila-2026

HEMEN DITUGU JOKOAK!

Informazio gehiago
28-urtarrila-2026

TXOSTENA: Milano-Cortina OLINPIAR JOKOAK

Informazio gehiago
20-urtarrila-2026

Basque Teameko hiru kirolari lehiatuko dira Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Olinpiar Jokoetan, hau da, estatuko parte-hartzearen %15

Informazio gehiago