Imanol Rojo Basque Teameko iraupen eskiatzaileak estilo klasikoko 15 kilometroko probari ekingo dio bihar
Eskiatloiko 30 kilometroetan 21. izan ondoren, Imanol Rojo lehiaketara itzuliko da bihar, 8:00etan, estilo klasikoko 15 kilometroko proban. Tolosarra aldarte onarekin dator, bere hiru parte-hartze olinpikoetan banakako proba batean bere posturik onena lortu ondoren.
“Nire helburu nagusia, hona iritsi nintzenean, nire aurreko Jokoak hobetzea zen, eta uste dut asko hobetzen ari naizela. 25 posizio hobetu ditut eskiatloian, eta ezin naiz gusturago egon. Gero eta zaharragoa izan arren, gero eta hobeto nago eta gero eta posizio hobeak egiten ari naiz” esan du Imanolek Eurosporti emandako elkarrizketan.
Zhangjiakoun kokaturiko iraupen-eskiko Zentro Nazionaleko pista Imanol lehiatu den gogorrenetakoa da. Zailtasuna are handiagoa da haize-bolada indartsuek jotzen dutenean, entrenamenduen jardunaldietan gertatu zen bezala. Pistaren gogortasuna agerian geratu zen eskiatloiko lehen sailkatuen eta gainerako lehiakideen arteko desberdintasunetan. Hala ere, Imanol baikor dago, Munduko Kopan eta, batez ere, Oberstdorfeko azken Munduko txapelketan lortutako azken emaitzek babesa ematen baitiote.
“Munduko Kopan bi aldiz egon naiz 30 onenen artean eta Munduko Kopa zailagoa da nazioen kuporik ez dagoelako eta onenak diren norvegiar eta errusiar gehiago daudenez, zailagoa delako emaitza on bat lortzea. Gainera, iaz Munduko Txapelketan lortutako emaitzek, 18. eta 19. postuek, konfiantza ematen didate leku horietan egon naitekeela pentsatzeko” ziurtatzen du Imanolek.
Basque Teameko 31 urteko kirolaria 8:10ean irtengo da Beijingen jokatuko dituen hiru probetatik bigarrenean, larunbateko 50 kilometrokoaren zain. Hori da bere proba fetitxea eta bere emaitza olinpikorik onenak horretan lortu zituen Joko hauetan estreinatu zen arte.
“Sendotasun mentala funtsezkoa da. Burua hotz mantendu behar da eta norberaren erritmoan joan ondo amaitu ahal izateko. Puntutik pasatzen bazara, hain zirkuitu gogorrarekin, ordain dezakezu. Lana ondo egiten ari gara eta ondo prestatu gara Joko hauetarako, Munduko Kopan gainetik dauden herrialdeen aurka ondo lehiatuz. Oso lan ona egiten ari gara, eta borrokan jarraitu behar dugu “, esan du Rojok.