Egindako lanarekin gustora azaldu da gaur Eneritz Iturriaga 12 urteko jardunarekin amaituz
Berriki korritu den Munduko txapelketan esan dio agur ibilbide arrakastatsuari
2012ko irailaren 27a.- Estatu mailan azken hamarkadan izan den txirrindularirik aipagarrienetarikoak agur esan zion kirol profesionalari aurreko asteburuan Valkengurgen (Belgika) jokatutako Munduko txirrindularitza txapelketan, bertan 35. postuan amaituz. Basque Team-en babespean aritu den txirrindulariak gaur eman du jakitera bere erabakia Fadurako (Getxo) Hobekuntza Teknikorako Zentroan, alegia, BASQUE TEAM fundazioaren egoitzan.
Abadiñoarrak denbora luzez pentsatu duen erabakia eman du gaur jakitera, kirol ibilbide bikain bati amaiera emang diona. Estatuko zazpi txapelketa pilatu ditu (erlojupeko lau), errepidean beste bat, eta beste bi pistan; jazarpen olinpiarrean eta puntuazioan. Horrez gain 9. postua eskuratu zuen Tourrean eta 10. Giroan, Munduko Kopako zenbait proba irabazi ditu, itzuli handietako etapak (Emakumeen Biran, Holandako itzulian eta Trophée d’Or Féminin), 23 urtez azpiko bi Espainiako txapelketa eta beste hainbat. Azken urteetan jasandako lesioek ez dute ahalbidetu lorpen handiagoetara iristea.
Eneritzek erabakia aurreko denboralditik hartuta zuela adierazi digu: “Korritu behar nuena korritu dut jada, bizitzan guztiak du hasiera eta bukaera bat eta nik aro baten amaiera dela uste dut”. Dena dela 2010ean bizikleta uztekotan egon zela ere gaineratu du: “Nire bederatzigarren urtea zen Italian eta eroriko larria izan nuen. Sei hilabete behar izan nituen errekuperatzeko eta hiru ebakuntza tartean”.
Azkenik, etxera itzultzea erabaki zuen Lointek taldearekin fitxatzeko , bertan bere azken bi urteak eman dituelarik.
Bestelako helburuekin aritu da azkenaldian, elitezko talde europear baten eskakizun mailatik urruti, 2001ean talde holandar batekin fitxatu zuen garaiarekin alderatuta. Balantzea egiterako garaian honako hau izan da positiboena bizkaitarraren hitzetan, “ibilbide erregularra mantentzea, gorabehera handirik gabe hamarkada batean”. Gaitzena urte hauetan “dudarik gabe eroriko larriak, eta lesioak, apurka-apurka hondatzen zaituen egoera da. Fisikoki errekuperatzeko gaitasuna izan arren psikologikoki oso gogorra da”.
Agur esaterakoan, eskerrak eman nahi izan die bere kirol ibilbidean alboan izan dituen senitarteko eta babeslei eta gogoratu nahi izan du selekzioko kideek aurreko astebukaeran egin zioten omenaldia, berari eta Mundialean ere erretiroa hartu duen Oscar Freire haundiari.
Etorkizunean txirrindularitzari lotuta jarraitu nahiko luke baina oraindik ez du zehazterik izan nola: “Ez dakit oraindik, buruan baditut zenbait proiektu baina hurrengo urtera arte ez dut erabakirik hartu nahi, negua amaitzen denean erabakiko dut”
Ibilbidea
Eneritz Iturriagaetxebarria Mazaga (Abadiño, 1980/09/16) junior mailan nabarmendu eta gero 2001ean Herberehetara joan zen korritzera. Aurretik ere arazoak izan zituen lesioekin, bere kirol ibilbidean zehar gertatu zaion bezala: 1998ko irailean izandako erorikoaren ondorioz belaunezurra hautsi eta hiru hilabetez errepideetatik kanpo utzi zuen lesioak. Munduko txapelketa eta Espainiako Kopa galdu zituen orduan azken proban ez zuelako parte hartzerik izan.
2002an Emakumeen Biran nabarmendu zen etapa bat irabaziz. Joane Somarribaren alde honek irabazitako Tourrean egindako lanak Fabia Luperini handiak taldekide gisa fitxatzea suposatu zuen. Bost urte oparo korritu zuen italiarrarekin eta 2003an, bere urterik onenean, zenbait garaipen pilatu zituen, Tourrean 9. postua eta Giroan 12. eskuratuz, nahiz eta beti ere taldeko liderraren alde lan egin.
2004an hasi zen zorigaiztoko aroa berarentzat, erorikoak eta lesioekin, bere ibilbidea guztiz baldintzatu duten ezbeharrak. Maiatzean, Gaztela eta Leongo itzulian, 50 puntu behar izan zituen aurpegiko zauriak sendatzeko, Atenaseko Jokoetan lehiatzeko errekuperatu bazen ere. 2005ean Orbea taldera itzuli zen, berriz ere italiako tropelera abiatu aurretik 2006an. Bertan urte zaila izan zuen urdaileko infekzio baten eraginez. Denboraldi amaieran jakin zuen bere gorputzak ez zituela onartzen garia eta laktosa eta hortaz bere elikadura ohiturak aldatu behar izan zituen goitik behera.
2007an erorikoa izan zuen Frantzian maiatzean, katu bat atera zitzaion errepidera eta bizkarrezurra lau zatitan hautsi zuen, hiru ebakuntza behar izan zituelarik osatzeko. 2008an Italian izandako eroriko baten ondorioz errainezur inguruko lotailuak hautsi eta bi hilabetez egon zen lehiaketatik kanpo, nahiz eta denboraldi bukaera txukuna burutu.
Arrakasta 2008an eta 2009an heldu zitzaion berriz Safi-Pasta Zara taldean. Diana Ziluite txapeldun ohiaren gidaritzapean Trophée d’Or proba entsutetsuko hirugarren etapa eskuratu zuen. Neguan berriz Espainiako txapelduna izan zen taldekako jazarpenean Euskadirekin. Berriz ere itzuli handietan parte hartzeko aukera 2009ko Route de France proban heldu zitzaion, hirugarren amaituz etapa erreginean podiumera igo eta gero .
2010ean, eta inoizko sasoirik onenean zegoela, Tour de l’Auden izandako erorikoarekin amaitu zitzaion denboraldia. Bizkarrezurreko haustura hirukoitza izan zuen eta lau hilabete behar izan zituen errekuperatzeko. Arazoak arazo azken hamarkadako Munduko Txapelketa guztietan hartu du parte eta sei aldiz korritu du Frantziako Tourra/Route de France eta Italiako Giroa.
2011an, atzerrian zenbait urte eman eta gero, Iturriaga etxera itzuli zen Lointek taldearen lidertzara, Ugeraga Kirol Elkarteak zuzentzen duen taldera.