Tania Calvori ia zabaldu zaio ate olinpiarra Munduko Kopako bigarrenean 6. eginda
Tania CalvoMunduko Kopako bigarren lehiaketa jokatzen ari da Cambridgen (Zeelanda Berria), eta Tania Calvok seigarren amaitu du Taldekako Abiadura proban Helena Casasekin batera. Emaitza bikaina da, hasteko Munduko Kopako aurreko emaitza, Caliko (Colombia) zazpigarrena, hobetu dutelako eta sailkapen nagusian laugarren jarri direlako azken probaren faltan (Hong Kong, 2016.01.16/17). Baina Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko duen garrantziagatik da bereziki ona emaitza hau, ate olinpiarra ia zabaldu zaio Tania Calvo Basque Teameko pistard gasteiztarrari. Ranking Olinpikoan laugarren selekzio europearra da Calvok eta Casasek ordezkatzen duten Espainia, eta lehen bostek lortuko dute Rio 2016rako txartela. Hamar probetako emaitzak metatuta osatuko da azken rankinga, eta jada zortzi jokatu dira; aipatu Munduko Kopako azkena eta Munduko Txapelketa (London, 2016.03.02/06), falta dira. Cambridge-eko dominen lehiak jokatu ez badira ere, Errusia, Alemania eta Herbehereak ez dira jada lehen hiru postuetatik atzeratuko, beraz hortik gora dauden hiru selekzioen artean bi plaza dituzte jokoan, eta hor Espainiak du abantaila laugarrena delako, Frantzia eta Britainia Handiaren aurretik. Cambridgeko seigarren postuarekin (33.757) hori berretsi dute Calvok eta Casasek, Frantzia zazpigarrena izan bait da (33.924) eta Britainia Handia hamaikagarrena (34.279).