"Lan onari" 2012 saria emango die Eusko Jaurlaritzak Londres 2012ko euskal dominadunei
Joko Olinipkoetan domina lortu zuten bost kirolariek eta Richard Oribe igerilariak jasoko dute saria
Getxo, 2012ko urriaren 2an.- Londreseko Jokoetan domina lortu zuten euskal kirolariek 2012ko “Lan onari” sarietako bat jasoko dute, Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen saririk garrantzitsuenetarikoak. Maider Unda, Maialen Chourraut, Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Nely Carla Alberto protagonista izan ziren uztailaren 28tik abuztuaren 13ra bitartean Ingalaterrako hiriburuan. Lasarte Orian jaiotako piragüistak eskuratu zuen aurreneko domina euskal kirolartentzat ur bizietako K1 modalitatean. Maialen Chourrautek brontzezko domina lortu zuen finalean eta lehen aldiz igo zen podiumera Beijing 2008an finaletik kanpo geratu ondoren.
Bakarkako lanean ere abuztuaren 9an borobildu zuen Maider Unda azken urteetan egindako lan bikaina. Olaetako borrokalaria ez zen finalera iritsi 72 kiloz azpikoan baina errepeskan ondo merezitako brontzezko domina irabazi zuen, lehen aldiz estatuko borrokalarien artean podiumera igo zelarik.
Taldekako lanean euskal eskubaloi jokalarien lana ere nabarmendu beharra dago. Jorge Dueñas entrenatzaile bilbotarraren gidaritzapean Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Nely Carla Alberto jokalariak Jokoetako protagonista bilakatu ziren brontzezko domina eskuratuz.
Joko Paralinpikoetan Richard Oribe igerilariak, eta aurreko edizioetan egin zuen bezala, munduko igerilari onenen artean dagoela erakutsi zuen Londresen. Donostiarrak zilarrezko domina lortu zuen 100 metro libreetan eta brontzezkoa berriz 200ekoan. Bere kirol ibilbidean 16 domina olinpiar eskuratu ditu eta munduko nahiz europako hainbat txapelketa.