Paiju Peak bide berri batetik eskalatzea Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren erronka berria
06-ekaina-2013

Paiju Peak bide berri batetik eskalatzea Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren erronka berria

6.610 metroko mendi puska, ederra bezain zaila eta behin baino igotakoa

2013ko ekainaren 6a.- Ez dago ezezagunean menturatzea baino ezer liluragarriagorik*. Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak aurki Karakorumen abiatuko duten egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean. Beren filosofiari jarraituz, berritasuna, erronka, zailtasuna eta estiloa uztartzeko ahalegin horri leial, Paiju Peak mendiaren hegoaldeko aurpegi esploratu gabean jarri dute gogoa eta burua. Jomuga gogorra, Karakorumeko mendi puska horrek (6.610 m) 3.000 metrotik gorako desnibel bertikal-bertikala baitu kanpaleku nagusitik gailurrera.

Karakorumeko zintzurretan barneratzen diren mendizale eta trekking zaleek aski ezaguna dute Paijuren irudi miresgarria, Baltoro glaziarraren ertz batean goratzen baita zutarri erraldoi baten pare. Baltoro ibai izoztuan gora menturatu izan diren gehien-gehienek mira eginda erretratatu izan dute seimilako horren ederra, baina ia guzti-guztiek jarraitu dute gorantz, Paiju bazter utzita. K2, Gasherbrum I eta II eta Broad Peak, hurbileko lau zortzimilako horiek erakarrita eta Paijuren beraren zailtasunari gehiegizko iritzita, inondik ere. “Ingurune hartara jo duten harkaitzeko eskalatzaile gehienek, berriz, ondoko Trangoko Dorreetan egin dituzte beren igoera eta ahaleginak, eskalada gehien-gehiena harkaitzean baita eta elurrean, izotzean edo mistoan ia zailtasunik ez baitago. Paiju, ordea, bestelako mendia da, harkaitza, elurra eta izotza, eta logistika aldetik eskalada konplexuagoa da”, Mikel Zabalzaren hitzetan.

Ez da harritzekoa, beraz, mendiak eskalada bakarra izatea: 1976ko uztailaren 21ean Bashir Ahmed eta Nazir Sabir pakistandarrek eta Allen Steck estatubatuarrak osatutakoa, hain zuzen. Ipar aurpegitik egin zuten eskalada, Basque Team taldeko hiru kideek jomugatzat hartu duten hegoaren beste aldetik.

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak tentuz aukeratu dute beren xedea, Paiju Peak mendiaren hego aurpegiak goi-mailako eskalada eta alpinismoa uztartzeko osagai guztiak biltzen dituela jakitun: 1.0000 metrotik gorako harkaitzezko beso bertikalak eta eremu misto (izotza eta harkaitza) tente eta konpromiso handikoak, gailurrerako bidean. Laburbilduz, horma bertikal erraldoi bat mendiaren beheko aldean eta goi-mendiko pasarte oso zailak goialdean.

Egitaraua eta egutegia

Hiru euskal mendizaleek ekainaren erdialdera joko dute Karakorumera eta, ondo bidean, hilaren 23 aldera paratuko dute kanpaleku nagusia Paijuren magalean, 3.300 metrora. Ondoren, beste pare bat aste beharko dituzte altuerara egokitzeko. Eta bete-beteko eskaladari ekingo diote ondoren. Beraien kalkuluen arabera, hegoaldeko aurpegiaren 3.000 metrotik gorako desnibela gainditzeko gutxienez 10 egun egin beharko dituzte horman zintzilik.

Oraingoan ere ahalik eta arinen eskalatzen saiatuko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza, beren estiloari leial, baina terrenoaren ezaugarriak kontuan hartuta, oso zaila izango da %100 alpetar erara eskalatzea. Ez dute zama eramailerik erabiliko, eta, bistan denez, ezta oxigeno artifizialik ere, baina 300 bat metro soka baliatuko dituzte horman ezarritako kanpalekuen artean gora eta behera errazago ibiltzeko. Eta, era berean, igo ahala bibakak horman bertan egin beharko dituztenez, material eta janari, zama astunagoa garraiatu beharko dute hamar-hamabi egun horietarako. Horrenbestez, kapsula estiloari jarraituz eskalatuko dute Paiju Peak, igo ahala kanpalekua gero eta gorago zintzilikatuz, solairuz solairu doan igogailua nola.

Nolanahi dela ere, horrelako igoerak oso konplexuak dira logistika aldetik eta hartu beharreko erabakiak horman bertan hartuko dituzte, eguraldiaren eta mendiaren beraren baldintzak aintzat hartuta.

Basque Team taldea osatzen duen Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza hirukoak zazpigarren egitasmoa izango du elkarrekin. 2009. urteaz geroztik, goi-mailako hiru eskalatzaileok erronka zail bezain ederrak hartu dituzte miran: Makaluko mendebaldeko pilarea, Everesteko Hornbein korridorea, Broad Peakeko bide berria eta zeharkaldia, Nuptse edo Antartikako zeharkaldia kometa bidez tiratutako lerekin… Eta orain, Paiju Peak. Beste era bateko proiektua, aurrekoak bezain zaila edo zailagoa. Eta aurrekoetan bezala, oraingoan ere BBK-k eta Naturgasek babestuko dute espedizioa.

Honekin lotutako berriak

03-abendua-2024

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Basque Team

Informazio gehiago
25-azaroa-2024

Basque Team eta Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Informazio gehiago
21-urria-2024

Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek laugarren bukatu dute talde mistoen Munduko curling txapelketan

Informazio gehiago
15-urria-2024

Lehendakariak kirolari olinpikoak eta paralinpikoak zoriondu ditu Pariseko parte-hartze eta emaitza onengatik

Informazio gehiago
13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago