Clara Azurmendik Esloveniako Nazioarteko txapelketa irabazi du
Lortutako puntuak oso garrantzitsuak dira Tokyo 2020ra begira
Getxo, 2019ko maiatzaren 18an. Clara Azurmendik badmintoneko Esloveniako Nazioartekoa irabazi du, finalean Sofie Holmboe Dahl danimarkarra 14-21, 21-17 eta 21-18 mendean hartuta, 45 minutuko partidan.
Garaipena erdietsi eta gero adierazi du sentsazio onak izan dituela neurketan, baina aurkaria ederto aritu dela erasoan eta horregatik dena eman behar izan duela titulua poltsikoratzeko.
Atzean geratu dira belaunean izan zituen minak; horren erakusle gaurko garaipena, pasa den astean lortutako Espainiako txapelketa eta apirilean Holandako Victor Dutch International txapelketan irabazitako zilarrezko domina.
21 urteko donostiarrak, txapelketa honetako hirugarren serieburuak, brontzezko domina eskuratu zuen 2015eko Bakuko Europako txapelketan, eta gaurko emaitzari esker nazioarteko bigarren titulua lortu du, 2018an Bulgarian irabazitakoaren ondoren.
Clara Azurmendik, Basque Teamek eta Euskal Federazioak martxan jarri duten bikaintasun proiektuko kirolariak, etorkizun oparoa du estatu mailan, eta gaurko emaitzarekin 76. postuan jarriko da munduko zerrendan (asteartean eguneratuko da zerrenda). Gaurko puntuak oso baliotsuak dira Tokyoko Olinpiar Jokoetarako sailkapenari begira. Hemendik bi astetara berriro lehiatuko da, Azerbaijan International torneoan, baina abuztuan Basilean (Suitza) jokatuko duten Munduko txapelketarako sailkapena lortzea izango da bere aurtengo helburu nagusia.