Brontzezko domina Oihane Otaegi eta Mikel Unanuerentzat World Curling Tourreko Heracles Mixed Doubles Slovakia Cup txapelketan
Nahiz eta ezustekoz beteriko denboraldiari eta covid-19ak eragindako efektuei aurre egin behar izan dieten, Mikel Unanue eta Oihane Otaegi podiumera igo dira Bratislavan jokatu den nazioarteko txapelketan.
Bikote donostiarrak, entrenamendu ofizialetara joaterik izan ez zuen arren eta aurretik Eslovakiako pistan eskarmenturik ez zuen arren, azken laurdenetara iristea zuen helburu. “World Curling Tourrean lehiatzeko hainbeste zailtasun izan ondoren, gure jokoa sendotzeko eta gozatzeko gogoz iritsi gara hona; entrenamendu guztien emitzak hemen nola islatzen diren ikusi nahi dugu”, esan zuten biek txapelketaren hasieran.
Esana eta egina. Multzoen faseak bost partida zituen eta lehen hiru bikoteak sailkatzen ziren final-laurdenetarako. Basque Teamek bekatutako bikoteak bost partidetatik hiru irabazi eta bi galdu zituen, A multzoko bigarren postuan amaituz.
Final-laurdenetan Szekeres-Nagy bikote hungariarraren aurka jokatu eta irabazi zuten (6-5). Bikote donostiarrak txapelketa bikaina egin du eta horri esker finalerdietara iritsi da. Horretan, tamalez, Paulova-Paul txekiarrek 4-8 garaitu dituzte; azken horiek izan dira, hain zuzen, txapelketako irabazleak. Kontsolamendu finalean, eta brontzezko domina lortzeko borrokan, 11-3 sendo batekin irabazi diote Makovnikova-Gallo etxeko taldeari.
Brontze honek bultzada eta motibazioa ematen die Unanueri eta Otaegiri euren helburu nagusia, Beijingeko 2022ko Jokoetarako sailkapena, lortzeko borrokarekin jarraitzeko.