Kirol Marketinari buruzko 2. Jardunaldiak, BAT-ek, Merkataritza Ganbarak eta ESIC-ek antolatuta
30-azaroa-2010

Kirol Marketinari buruzko 2. Jardunaldiak, BAT-ek, Merkataritza Ganbarak eta ESIC-ek antolatuta

Sare sozialek Kirol Marketinarekin duten harremana aztergai Bilbon

Kirol marketina eta Interneten bidez sare sozialekin duen harremana aztergai izango dira abenduaren 1ean, Bilbon, BAT Basque Team Fundazioak, Merkataritza Ganberak eta ESIC Marketing Eskolak antolatutako jardunaldian. Guztira, lau hitzaldi programatu dira, gai honen inguruko aditu ospetsuen partaidetzaz. Horien bitartez, Real Madrid futbol-taldea babesten duen bwin on-line apustu-enpresa edota Michael Robinson futbolari-ohi eta kirol esatariaren bloga bezalako kasu arrakastatsuak arakatuko dira.

Jardunaldia goizeko 9:30etatik aurrera egingo da Bilboko Merkataritza Ganberako Ekitaldi Aretoan (Recalde Zumarkalekio 50ean). Lehendabiziko hitzaldia, “Marketing digitaleko estrategiek sortutako balio erantsia” izenburukoa, ESICen irakasle dabilen Fernando Carranza C&M Focuss Global Marketing enpresako bazkide-zuzendariak emango du. Carranzak erantzukizun handiko karguak izan ditu aurretik Volkswagen-Seat Taldean, Honda eta Chrysler enpresetan eta Perfect Group higiezinen agentzian, eta irakasle ibili da Bartzelonako Marketin eta Administrazioaren Goi-Eskolan, Ramon Llul Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan.

Bigarren hitzaldian “Bitarteko Sozialek Erakundeetan duten inpaktua” aztertuko du Salvador Suárezek, bitarteko sozialen alorreko estrategiei buruzko aholkularitzan espezializatuta dagoen Territorio Creativo aholkularitza-enpresako bazkide-zuzendariak. Suárezek IEDEko Masterra eta Nafarroako Unibertsitateko IESE delakoa eginak ditu, eta hamar urteko esperientzia profesionala du Interneten alorrean, Net Juice, Baquia.com, Maninvest, Domestika edo Camerpyme bezalako enpresen bitartez.

Jardunaldiaren bigarren zatian bi kasu praktiko aztertuko dira, Interneten bidez mamitutako kirol marketineko bi esperientzia arrakastatsu arakatuz. Lehendabizikoa, Real Madrid futbol-taldea babesten duen bwin on-line joko-konpainia liderra izango da, enpresa horretako Espainiako Zuzendari Nagusi Paulino Moraledaren partaidetzaz. Bere ibilbide profesionalean, Moraledak erantzukizuneko postuak izan ditu L’Oréal eta Nike enpresetan. Kirol jantzi eta oinetakoetan espezializatuta dagoen munduko enpresa liderrean, Moraleda futbol alorreko Europarako Marketin Managerra eta Espainia eta Portugalerako Komunikazio arduraduna izan da. Duela bi urtez geroztik, bwin-eko merkatu espainiarrerako Zuzendari Nagusia da. Enpresa honek Interneten eta dispositibo mugikorretan erabiltzeko abiarazi duen joko-eskaintza handia mundu osoko 25 merkatu baino gehiagotara zabalduta dago.

Jardunaldia itxiko duen eztabaidaren aurretik, “Sare sozialak aktibatzea” delako gaiari buruzko ekitaldia egingo da, Michael Robinson futbolari-ohi eta kirol esatariaren blog arrakastatsuaren kasua aztertzeko asmoz. Blogak 50.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu hilero, eta horrenbestez, Espainiako kirolzaleek gehien jarraitzen dutenetakoa da. Ekitaldia aurkezteko lanetan, Guillermo Moraleda izango da, Robinson bera bazkide duen kirol alorreko Steelman Sports zerbitzu-agentziako kontseilari ordezkaria. Hizlariak esperientzia profesional luzea du kirol marketingean, saskibaloiko Adecco Estudiantes eta futboleko Atletico Madrid taldeetako zuzendari nagusia izan baita. 2007an Steelman Sports sortu zuen, eta enpresa honen laguntzaz, Espainiako rugby liga profesionalizatzeko proiektua abiarazi zuen iaz.

BAT Basque Team-ek, Bilboko Merkataritza Ganberak eta ESIC Eskolak kirol marketingari buruz antolatutako bigarren jardunaldia da oraingo hau. Iaz, garai bertsuan, kirolak enpresen markak posizionatzeko eskaintzen dituen aukerak eta banakako nahi taldekako kirolarien babesletzak errentagarri bihurtzeko erak aztertu ziren.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago