Basque Teameko Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistak Oklahomako Munduko Txapelketako kayakeko finalerdirako sailkatu dira
Leire Goñi, aldiz, at geratu da
Oklahomako Munduko Txapelketan kayakeko sailkapen txanda jokatu da goiz-eguerdian bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Maialen Chourrautek eta Pau Echanizek modalitateko lehen oztopoa gainditu dute, eta Leire Goñik, aldiz, agur esan dio banakako txapelketari.
Maialen Chourrautek jaitsiera ona egin du, eta une batzuetan sailkapeneko hirugarren postuan jarri du bere jardun on horrek. Lehen zatia oso garbia izan da, baina ibilbidearen bigarren zatian pixka bat trabatu da 18. atean ukitu bat eginez, eta horri dagokion zigorra ezarri zaio. Azkenean, hiru domina olinpikoren jabeak 92.34ko denbora egin du, +2.96 txandako onenarekiko, Rikarda Funk alemaniarrarekiko (89.38).
Leire Goñik akats bat egin du ibilbidearen hasieran, kanalaren barruan ezkutatuta geratu den euskarri batekin talka egin baitu. Ezbehar horren ondoren, ez du lortu piraguari hasierako abiadura itzultzea, eta mentalki zein nabigazioan pisu handiegia suposatu du horrek. Horri 17. atean egin duen ukitu bat gehitu behar zaio. Guztira 104.92ko denborarekin, 46. postuan geratu da sailkapenean. Lehenengo 30ak pasatzen ziren finalaurrekora. Oklahomako Munduko Txapelketa honetako ibilbideak zapore mingots samarra ematen dio Leireri, Krakovian jokatutako 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan hainbat domina lortzetik zetorrelako.
Pau Echaniz izan da kayak modalitatean lehiatu den azken euskal palista. Pariseko Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen piraguistak ez du hutsik egin eta finalerdietan sartzeko sailkatze txanda gainditu du. 12. atean akats txiki bat egin duen arren, donostiarrak 83.80ko denborarekin eta 27. postuarekin amaitu du ibilbidea.
Arratsaldean, kayakeko patruilen lehiaketa, hau da, taldekako lehiaketa jokatuko da. Pau Echanizek Miquel Trave kataluniarrarekin eta Gaztelako David Llorente katellanoarekin, Maialen Chourraut eta Leire Goñirekin eta Laia Sorribes kataluniarrarekin batera parte hartuko du.