Basque Teamek 10. urteurrena ospatu du eta bere hurrengo proiektuak aurkeztu ditu Gabonetako galan
21-abendua-2017

Basque Teamek 10. urteurrena ospatu du eta bere hurrengo proiektuak aurkeztu ditu Gabonetako galan

Urte hauetan Fundazioak bekatu dituen hainbat kirolari izan dira ekitaldian eta enpresekin eta hezkuntzarekin lotutako #BaloreetanBAT proiektuaz gain, denboraldi honetako helburu nagusia aurkeztu da: 2018ko PyeongChangeko Neguko Jokoak

Ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru izan da, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, Maite Iturbe EiTBko zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak lagunduta

Bilbo, 2017ko abenduaren 20an. Basque Team Fundazioak bere kirolarietako asko eta enpresa eta instituzietako hainbat ordezkari bildu ditu EiTBko Bilbo egoitzan kokatutako Multibox aretoan antolatutako Gabonetako galan. Ekitaldiak 250 gonbidatu baino gehiago izan ditu, teknikariak eta Fundazioarekin hamar urte hauetan loturik egon diren babesleak eta federazioateko kideak barne.

Fundazioaren 10. urteurrenari eskainitako tartearekin hasi da gala. ‘Haatik’ dantza taldeak ospakizunerako espresuki sortutako koreografiak, zuzeneko musikaz eta ikusentzunezko pieza batez lagunduta, fundazioa sortu zenean ereindako hazi haretatik kimatu den guztia nabarmendu du. “Lagun iezaguzu kirol-hazia ereiten”, horixe izan da galaren leloa. Basque Teametik deia egin da, goi mailako euskal kirolan datozen urteak ere orain artekoak bezain oparoak izan daitezen. Maite Iturbe Fundazioko presidenteordeak gonbidatuei ongi etorria egin die eta ondoren Jon Esturok, Mikel Odriozola atletaren teknikariak, bertsoa bota du kirolari eta teknikarien ordezkari gisa.

Horren ostean Basque Teamek hamar urte hauetan kirol arloan eman duena errepasatzeko unea heldu da. Momenturik onenak azpimarratu dira, Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguisten, Ainhoa Murua triatletaren, Leire Olaberria eta Amador Granados txirrindularien, Pablo Carrera eta Kako Aranburu tiratzaileen eta Patricia Elorza eta Eli Pineko eskubaloi jokalarien adierazpenen bitartez.

Ondoren, agurrei eskainitako blokean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria den Jon Redondok Eguzkilore Urdina eman die aurten goi maila utzi duten kirolariei: Unai Elorriaga txirrindulariari, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey jokalariei eta Kiyoshi Uematsu judokari.

Ekitaldiaren hurrengo zatian etorkizunera begiratzeko eskaera egin zaie gonbidatuei. Goi mailako kirolarien laneratzea bultzatzeko hitzarmena Fundazioarekin sinatu duten patronalekin, Quiron Salud bere kolaboratzaile nagusiarekin eta beste erakunde batzuekin batera, ‘BaloreetanBAT’ proiektua aurkeztu du Basque Teamek.

Proiektu horren bitartez Fundazioak aliantzak eta lankidetza estrategiak sortu nahi ditu enpresa munduan eta hezkuntzan, gizarteak hamar urte hauetan Basque Teamen inbertitu duena bueltan emateko asmoz. Eliteko kirola Euskadiko ezaugarri bereizle bihurtzea da asmoa, kirolaren eta osasunaren inguruko ezagutza bultzatuz eta gizartean aplikatuz, eta kirola bizitza sozialaren ardatz eta elementu dinamizatzaile bilakatuz.

Enpresen munduan, hezkuntzan eta osasunean aukera eta ekimen berriak sortzeko, eta integrazio sozialaren aldeko apustua azpimarratzeko Basque Teamek bost enbaxadore izango ditu: Alberto Iñurrategi alpinista, Maider Unda borrokalaria, Naiara Gomez piragüista, Richar Oribe igerilaria eta Eneko Llanos triatleta. Bost kirolariak aukeratu ditu Fundazioak BASQUE TEAM BALOREAK zabaltzeko euskal gizartearen mesederako, partekatutako proiektuen bitartez.

Etorkizunera begiratuta, baloreez gain, Fundazioak ez ditu alboratzen kirol helburuak. Aurten PyeongChangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak izango dira Basque Teameko erronka handiena. Gaurko ekitaldian neguko kirolariekin grabatutako telebistarako iragarkia aurkeztu da, baita ETB1en eta ETB2n urtarrilean estreinatuko den ‘BAT To PyeongChang’ saioa. Bost kapitulutan Lucas Eguibar snowboardlariaren, Jon Santacana eta Juan del Campo eskiatzaileen, Iñigo Vidondo patinatzailearen eta Imanol Rojo iraupen eskiatzailearen prestaketa prozesua erakutsiko da.

Gala bukatu baino lehen kirolarien lana nabarmendu nahi izan du Basque Teamek. Kirolari olinpiko onenaren Eguzkilore Zuria Lucas Eguibar snowboardlariari eman zaio, kirolari ez olinpikoarena Patxi Peula patinatzailari eta kirol egokituan Jon Santacana eskiatzaileari eta Aitor Francesena surflariari.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzek itxi dute ospakizuna. “Basque Team fundazioak 10 urte betetzen ditu baina oraindik beste asko geratzen zaizkio aurretik. Oraindik lan asko dago egiteko eta horregatik goi mailako kirolean ereiten eta arrakastak jasotzen jarraitzeko animatzen zaituztet. Banatutako kirol-haziak ereiten lagun iezaguzue” eskatu du Zupiriak.

Honekin lotutako berriak

05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak hamargarren amaitu du Pariseko Jokoetako paratriatloia

Informazio gehiago
01-iraila-2024

Heïdi Gaugain txirrindulariak zilarra bereganatu du 3.000 metroko jazarpen proban

Informazio gehiago