Basque Team Zentroa, bekatutako kirolarientzat zabalik
19-maiatza-2020

Basque Team Zentroa, bekatutako kirolarientzat zabalik

Lehen fase honetan Basque Team kirolariek eta Tokioko Jokoak prestatzen ari direnek izango dute lehentasuna

Martxoaren 14an Basque Team Zentroa aldi baterako itxi behar izan zen covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioz. Bi hilabeteko itxialdiaren ondoren, eta lehen astean atontze eta egokitzapen lanak egin eta gero, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroak goi-mailako kirolarien eskaerak jasotzen jarraitzen du. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Basque Team Fundazioarekin lankidetzan, zentrorako sarbidea kudeatzeaz arduratzen da. Instalazioetarako sarbidea baimentzeko, gehieneko edukierak ezartzen dira eta erabilera-espazioak eta -ordutegiak esleitzen dira, lehentasun estrategikoen arabera.

Lehen fase honetan Basque Team fundazioaren beka jaso duten kirolariek izango dute lehentasuna, baita Tokioko olinpiar eta paralinpiar jokoak prestatzen ari direnek ere.

Zentroa berriz irekitzeko prozesuan, dagozkion osasun-neurriak zorrotz betetzen ari dira; horregatik, baimendutako pertsona guztiek une oro bete behar dituzte agintariek emandako babesteko arauak eta gomendioak, eta onartu egin behar dituzte instalazioak erabiltzeko araudiak eta baldintzak. Zentroa erabiltzen duten kirolari guztiek ezarritako neurri orokorrak bete beharko dituzte: funtsezkoak ez diren mugimenduak murriztea, eskuak garbitzea, distantzia pertsonala zaintzea, maskarak erabiltzea, etab.

Neurri horiek indartzeko, gainera, entrenamendu-txanda bakoitzean erabilitako instalazioen eta ekipamenduen ezohiko garbiketa-eragiketak ezarri dira, eta egunero egiten da langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta gerta daitezkeen gorabeherak bermatzeko hartutako neurrien jarraipena.

Hala, espazioa hainbat eremutan banatu da, eta txanda bakoitzean gehienez ere sei lagunentzako tokia aurreikusi da (gune batzuetan gutxiago). Hainbat ordutegi ezarri dira:

Gimnasioa (batera sei lagun gehienez) 8:00-9:45, 10:00-11:45 eta 12:00-13:45.
Kantxa (batera sei lagun gehienez): 9:00-11:00
Jaurtiketen gunea (batera bi lagun gehienez): 9:00-11:00
Mahai-teniserako gunea (batera bi lagun gehienez): 9:00-11:00

Kirol-instalazioak astelehenetik ostiralera egongo dira eskuragarri, eta espazioak ordu-tarte bakoitzean soilik erabiliko dira, interferentziak saihesteko. Erabiltzaileek eskaera bat egin beharko dute aldez aurretik, eta baimena eman ahala sartuko dira.

Instalazioetarako sarbidea eskatzeko, mesedez, bidali eskaera bat helbide honetara: administrazioa@basqueteam.eus

Honekin lotutako berriak

13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago