Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan
Ander CepasTxirrindularitzan Heïdi Gaugainek eta Eduardo Santasek zilarrak irabazi dituzte eta Dorian Foulonek brontzea euren erlojupeko probetan
Ander Cepasek brontzezko domina lortu du Paralinpiar Jokoetako banakako mahai-tenis txapelketan, final-laurdenetako partidan Ivan Mai ukrainarrari hiru setetan irabazita: 0-3.
Donostiarra gai izan da Jorge Cardonarekin batera binakako partidan jasotako porrot mingarriari buelta emateko, eta banakako bere lehen bi partidetan aurrera egiteko. Anderrek irabazi du gaurko lehen seta, normalean gainditzen ez duen aurkari baten aurka. Lehen partziala 3-11 hilgarri batekin esleitu da. Bigarren jokoa pixka bat gehiago kostatu zaio. Maik erantzun sendoa eman die gipuzkoarrak egin dituen eraso guztiei, 10-12koa behartu dutelarik azkenean. Hirugarren jokoan, Cepasek 7-11 irabazi du. Ezin izan du saihestu pozez salto egitea bere entrenatzailea besarkatzean, bere lehen Jokoetan gutxienez hirugarren metala ziurtatu duela jakitun.
Cepasek Parisera joandako Basque Teameko komunikazio taldeari esan dio Joko hauen hasierak ustekabean harrapatu zuela. Maila honetako partidetan sortzen den giroa eta presioa testuinguru berria da berarentzat. Hala ere, egoerari buelta emateko eta banakako lehiaketan urduritasuna leuntzen jakiteko gai izan da. Larunbatean, irailak 7, finalerdia jokatuko du 10:00etan eta gainditzen badu, S9 klaseko finalean sartuko da 17:00etan.
Errepideko txirrindularitzan euskal kirolariek domina zaparrada jaso dute Clichy-sous-Bois inguruan dagoen 28,4 kilometroko zirkuituan. Heïdi Gaugain izan da goiztiarrena, eta 20:26.84ko denborarekin Sarah Storey C5 klaseko garailearengandik 4.69ra helmugaratu da. Klase berean baina gizonezkoen proban Iparraldean bizi den Dorian Foulon bretoia hirugarren izan da, 36:49.84ko denborarekin, Daniel Abraham Gebru holandarraren eta Alistair Donohoe australiarraren ondoren. Bestalde, C3 klasean, Eduardo Santasek indarrak bikain kudeatu ditu eta boteretsu amaitu du, zilarra zintzilikatuz. Bosgarren postutik bigarrenera egin du aurrera, lasterketako bigarren zati handi batekin, eta domina bereganatu du.
Igeriketan Nahia Zudairek, Iñigo Llopisek eta Ivan Salguerok diploma bana lortu dute. Zubietako kirolaria oso pozik geratu da 400 metro libreetako finalean denboraldiko markarik onena lortu duelako. 5: 05.46 denborarekin zazpigarrena izan da. Iñigo Llopisek ere diploma bat irabazi du 400 metro libreko S8 finalean, zortzigarrena izanik 4:37.29ko denborarekin. Ivan Salguerok euskal igerilarien jarduna osatu du gaur estilo libreko S12ko 100 metrokoan. 54.65eko kronoarekin zortzigarren amaitu du eta markarekin oso pozik geratu ez den arren, bigarren diploma eskuratu du Joko hauetan.
Gurpil-aulkiko saskibaloian Asier Garciaren konbinatuak 74-78 galdu du Australiaren aurka bosgarren posturako lehian. Ostiralean berriro lehiatu beharko du, azkenean zazpigarren edo zortzigarren postuan geratzen den jakiteko. Emakumezkoen koadroan Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte, Naiara Rodriguez eta Betariz Zudaireren taldeak 61 eta 43 galdu dute final laurdenetako neurketan. Bihar berriz jokatu beharko dute bosgarren postuagatik.
Tiroan Fernando Michelena hamargarren izan da R9- 22 kalibreko errifleko 50 metrokoa proba mistoan, finalean sartzeko bi postutara bakarrik geratuz. Gipuzkoarrak 620.7ko marka lortu du, serieko onena izan den Justine Beve frantziarraren 626.7ren aurrean, eta Dragan Ristic serbiarraren 621.4ren aurrean. Finalera pasa den azken kirolaria izan da Ristic.
Arku tiroan Guillaume Toucoullet Iparraldeko kirolariak ezin izan du sailkatze jardunaldian erakutsitako sentsazio onekin jarraitu. Bertan Paralinpiar Jokoetako errekorra hautsi zuen, baina gaur ezin izan du lehen kanporaketa gainditu, Hector Julio Ramirez kolonbiarraren aurka arku errekurbatuko final-zortzirenetan eroriz.