Alvaro Romerok zilarrezko domina lortu du Europako Kopako Dolni Moravako proban eta sailkapen nagusiko lider jarri da
Álvaro RomeroAlvaro Romero gaztea izan arren, euskal snowboardeko lekukoa hartzeko hautagai nagusia da. Basque Teameko bekaduna denboraldi ikusgarria egiten ari da Espainiako Neguko Kirol Federazioko senior taldeko kide izan den lehen urtean.
Denboraldi honetan onenekin lehiatu da, Lucas Eguibar Basque Teameko bekadun eta Munduko txapeldunaren arrastoari jarraituz, baina bere nortasuna galdu gabe.
Alvaro Romerok ere garaipen gosea baduela agerian geratzen ari da. Gaur beste erakustaldi bat utzi du Dolni Moravan (Txekiar Errepublika) jokatu den Europako Kopako proban, eta, gainera, lehiaketa kontinentaleko sailkapen nagusiko lehen postura igo da. Gaurkoan bigarren amaitu du, Leon Ulbricht alemaniarrak bakarrik gaindituta.
Gaur lortutako zilarrezko dominaz gain, Europako Kopan, joan den urtarrilaren 23an Reiteralmen lortutako garaipena eta Munduko Kopan egindako lanak nabarmentzen dira: Cerviniako proban Top 20 bat sinatu zuen eta Krasnoyarskeko (Errusia) lasterketan zortzigarren postu bat.
“Oso pozik nago. Lasterketa ez da batere erraza izan, haize handia zegoelako eta elurra ari zuelako etengabe. Nahiko lasterketa zaila izan da, baina nahiko ondo eraman dut eta, egia esan, oso pozik nago, Cortinan oso ondo ez zitzaidan joan eta. Berriro goian egon naiz, borrokan, eta oso ondo egon da. Bihar beste bat izango dugu, eta denarekin joango naiz” adierazi dio Alvaro Romerok Basque Teami laterketaren ostean.
Alvaro Romero Beijingo Jokoetako snowboardcross probarako erreserba-zerrendan dago.