Aitor Gorrotxategik bosgarren amaitu du K1-1.000 metroko finalerdian Municheko Europako Txapelketan
Basque Teamek eta Euskadiko Piraguismo Federazioak bultzatutako bikaintasun-proiektuko kide den Aitor Gorrotxategik bosgarren postuan amaitu du sprint piraguismoko K1-1.000 metroko finalerdia, eta Municheko Europako Txapelketako B mailako finalera igaro da.
Aitorrek oso indartsu ekin dio probari, baina erritmoa galtzen hasi da 500 metroetan, bosgarren postutik seigarrenera eroriz. Nolanahi ere, estropadaren amaiera atzo jokatutako seriearen kasuan baino hobea izan da, eta azken esprintean bosgarren postua berreskuratu ahal izan du. Irungo palistak 3:39.473 (+3.721) denbora egin du eta Samuele Burgo italiarraren, Daniel Johnson britainiarraren, Rene Holtèn daniarraren eta Jost Zakrajsek eslovakiarraren atzetik geratu da. Aitorrek B mailako finala jokatuko du, bihar, abuztuak 20, 12:26an.
Irungo palistak adierazi du kontent dagoela egindako estropadarekin, izan ere, atzo jokatutako seriearekin alderatuta, zenbait alderdi zuzendu ahal izan ditu. “A finalean sartzea bikaina izango zatekeen, baina urak bere lekuan jarri nau, dagokidan tokian nago, baina sentsazioekin eta batez ere lasterketaren amaierarekin oso pozik bukatu dut”, adierazi dio Aitorrek Munichera joandako komunikazio taldeari.
“Pausoz pauso noa hobetzen. Aurten ekitaldi honetarako banakako proba baterako sailkatu naiz, maila absolutuan, ikasi eta markak jaisten saiatuz. Pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin” azpimarratu du Gorrotxategik. Aurten Aitor Madrilgo Blumen hasi da lanean talde absolutuarekin.