Ainhoa Hernandez Basque Teameko eskubaloi jokalariak ezin izan du Tokioko Jokoetako multzoen fasea gainditu
Ainhoa HernandezAinhoa Hernandez Basque Team fundazioaren beka jaso duen eskubaloiko jokalariak podiumetik gertu egon nahi zuen, baita dominaren bat lortu ere, Basque Team Zentroan esan zigunez, Tokioko Jokoak hasi baino aste batzuk lehenago.
Zenbait arrazoik pentsarazten zuten dominak lortzeko borroka posible izan zitekeela. Agian indartsuena da Japonian jokatutako azken Munduko Txapelketan Carlos Viverren taldeak zilarrezko domina eskuratu zuela. Gainera, Rio de Janeiroko Jokoetan diploma eman zien bosgarren postua ere erdietsi zuten. Eskubaloia beti izan da kontuan hartzeko kirola, are gehiago, 2012an Londresen emakumeek brontzezko domina lortu zuenetik.
Oraingoan, ordea, gauzak ez dira ondo atera Espainiako selekzioarentzat, ezin izan baitu multzoen fasetik pasa eta ez du aurreko txapelketen irudia erakutsi. Lehen partidan Suediaren aurka 24 eta 31 galdu zuten, ondoren Frantziaren aurka 28 eta 25, eta Jorge Dueñasen Brasilen aurka 27 eta 23 irabazi zuten. Arazoa Hungariarekin iritsi zen. A priori Ainhoa Hernandezen taldea zen faborito nagusia partida horretarako, baina 29 eta 25 galdu zuen azkenean eta hor gauzak zailtzen hasi ziren. Gaur Espainiak ezin izan dio Errusiako Batzorde Olinpikoari aurre egin, eta 31 eta 34 galdu du. Gauzak horrela, Hungaria eta Suediaren arteko norgehiagokan gertatutakoaren menpe geratzen zen dena. Suedia sailkatuta zegoela, Hungariak ezustekoa eman du bere kontra eta 26-23 irabazi du; ondorioz, Espainia Jokoetatik kanpo geratu da behin betiko multzoen fasean.
“Akatsa Hungariaren aurka galtzea izan zen, final-laurdenetarako txartela izan genuenean, kontzentratuta atera ez ginelako. Gogoa hor zegoen, baina ezin izan zen. Gaur olinpiar txapeldunari aurre egin behar genion, eta bere esperientziaren eta guri buelta ematen saiatzeko irrikak kalte egin digula uste dut. Gainera, guk nahi ez genituen emaitza guztiak gertatu dira” esan dio Ainhoak Tokiora joandako komunikazio taldeari.
Ainhoa Hernandez Rio de Janeirokoa ez bezalako egoeran etorri zen Tokiora. Han ordezkoa izan zen, baina hemen beste modu batera egin dio aurre txapelketari, eta hautatzailearen eskemetan ohikoa izanda.
“Talde gogorra genuen eta akats dezente egin ditugu, baina bi partida atera ditugu potentzien aurrean, eta gauza onekin geratu behar gara”, adierazi du Ainhoak.
Azken urteetan Estatuko selekzioarekin zein Zuazorekin izan duen bilakaerak, Bukaresteko Rapidekin fitxatzera eraman du Hernandez. Oraingoz, aldaketa hori ondo barneratzea izango da hurrengo helburuetako bat. Bestea, Espainian jokatuko den Munduko txapelketan ondo aritzea.