'Basque Team 2022 Bekak' eskatzeko epea ireki da
17-martxo-2022

'Basque Team 2022 Bekak' eskatzeko epea ireki da

  • Kirolarientzako eta teknikarientzako bekei lehen aldiz gehitu zaizkie epaileentzako bekak
  • Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei ere emango zaizkie laguntzak, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea ahalbidetzen duten goi-mailako proiektuak sustatzeko

Basque Team Fundazioko Patronatuak 2022. urteko goi-mailako kirolarientzako bekak emateko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jadanik, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, hilabeteko epean itxiko da. Oinarriak oso-osorik kontsultatu eta jaitsi daitezke http://basqueteam.eus/becas/ webgunean.

Beka hauen helburu nagusia Fundazioaren eginkizunari dagokion goi-mailako euskal kirola sustatzea da. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta daude nagusiki, kirol-modalitate olinpiko eta paralinpikoei.

Basque Team 2022 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten dituzte (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, kirol-psikologia, kirol-karrera eta akademikoa uztartzeko laguntza, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzen laguntzea, irudi- eta komunikazio-zerbitzuak…). Beharrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere eska ditzakete Basque Teameko laguntzak, eta, lehen aldiz, goi-mailako epaileek.

Beka hauek jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2022. urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia barne.

Beka emateko kontuan hartuko dira nazioarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean lortutako emaitzak, kategoria absolutuan.

Beka motak:

a.- ‘Basque Team Kirolariak’ bekak:
Entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntzak dira. Probaren arabera izan daitezke:

  • Basque Team beka programa olinpikoa
  • Basque Team beka programa paralinpikoa

b.-  ‘Basque Team Teknikariak’ bekak:
‘Basque Team Kirolariak’ edo ‘Atzeraeraginezko Basque Team beka’ baten onuradun den kirolaria prestatzeko arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira.

c.- ‘Atzeraeraginezko Basque Team’ bekak:
2021ean ‘Basque Team Kirolariak’ beka baten onuradun izan direnentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emaitzan parte hartu ez badute edo lortu ez badute.

d.- ‘Basque Team Support’ bekak:
‘Basque Team Kirolariak’ beketara sartzerik ez izan arren, 2021eko denboraldian programa olinpikoan sartutako banakako edo taldeko proben Munduko txapelketetan edota Europako txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira.

e.- Basque Team Epaileak bekak:
2021ean lehiaketa jakin batzuetan parte hartu duten epaileentzako laguntzak dira, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikatuz lehiaketak garatzen aktiboki parte hartzen duten epaileentzat.

Bikaintasun proiektuak
Bekez gain, Basque Team Fundazioak laguntzak emango dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea eta goi-mailako kirol-emaitzak lortzea ahalbidetuko duten goi-mailako proiektuetarako.

Laguntzak euskal kirolarien partaidetza olinpikora bideratutako proiektuak gauzatzeko eskainiko dira, oro har, abian den zikloan (Paris 2024), edo, salbuespen gisa, hurrengo ziklo olinpikoan (Los Angeles 2028).

Kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diren euskal kirolarientzat sortu eta bideratuko dira, bai eta, kirol-ibilbideagatik edo lortutako emaitzengatik, eskaera egiten den unean goi-mailako maila lortzetik bereziki gertu dauden euskal kirolarientzat ere.

Kirol proiektuek bi eta lau urte arteko iraupena izango dute eta olinpiar programaren barruko probetara zuzenduta egongo dira.

Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira Basque Team Fundazioarekin akordioa edo hitzarmena sinatuta duten kirol-erakundeek garatutako goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak direlako. Proiektu estrategiko horiek surfeko, slalom piraguismoko, neguko kiroletako eta kirol egokituko modalitateei edo diziplinei dagozkienak dira. Liga profesionaletan parte hartzen duten kirol-erakundeak ere kanpoan geratzen dira.

Honekin lotutako berriak

21-urria-2024

Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek laugarren bukatu dute talde mistoen Munduko curling txapelketan

Informazio gehiago
15-urria-2024

Lehendakariak kirolari olinpikoak eta paralinpikoak zoriondu ditu Pariseko parte-hartze eta emaitza onengatik

Informazio gehiago
13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago