KlaraOlazabal
BIO
Ur bizitako piragüista da, K1 eta C1 kategorietan. Betidanik egon da piraguismo munduan sarturik, bere familian aitak eta nebak urarekiko maitasun hori txikitatik igorri ziotelako nolabait. Txikitan beste zaletasun batzuekin uztartu zuen; balletarekin, igeriketarekin eta pianoarekin. 15 urterekin erabaki zuen gehiago entrenatu nahi zuela estatuko taldean sartzeko eta beste ekintzak alde batera utzi zituen. Ez zen erabaki erraza izan, baina piraguan zituen helburuak nahiko argiak ziren eta bere motibazioak ere gora egin zuen.
Une horretatik aurrera, urtero sartu da selekzioan. Junior mailan K1 eta C1 kategorietan lehiatu zen, lehen urtean, 2013an, izan ezik; urte haretan soilik C1ean. Gainera 2014, 2016 eta 2017 urteetan talde absolutuan sartzea lortu du; bere ametsa. Europako eta Munduko kopetan lehiatzea betidanik izan da bere xedea. 2017an Paun jokatu zuen bere lehen Munduko txapelketa maila absolutuan. Asko gustatzen zaio Pauko kanala; etxetik gertu dago eta xarma berezia ikusten dio.
Goi mailako urte hauek ikasketa urteak bezala deskribatzen ditu. Bidaia eta esperientzia politak eta aberasgarriak izan ditu, baita momentu gogorrak ere (negu hotz-hotzak uretan sarturik, konpetizio txarrak, entrenamendu zorrotzak…) baina uste du momentu horiek guztiak baliagarriak izan direla hobetzeko eta ikasteko, eta gainera, momentu onek pisu handiagoa izan dutela txarrek baino. Horregatik jarraitzen du, eta dio horregatik maite duela kirol hau hasiera-hasieratik bezala, edo are gehiago.
Ur-bizietako piraguismoa, piraguismo eslaloma, oso kirol konplexua dela dio, baina aldi berean, oso irekia iruditzen zaio. “Kirol oso teknikoa da, ur mugimenduak irakurtzea beharrezkoa delako ateak behar bezala pasatzeko eta ahalik eta azkarren gainera. Fisikoki prest egon behar duzu zirkuitua goitik behera egiteko olatu, salto eta ruloak gaindituz, zure piraguaren abiadura eta zure paladen potentziari eutsiz. Ez da lan erraza. Jaitsieraren iraupena minutu t’erdi ingurukoa da, oso zaila da akatsik ez egitea. Horregatik esan ohi dugu: irabazten du akats gutxien egiten duenak. Urteekin ikasten ari naiz, aurretik aipatu ditudan faktore fisiko eta tekniko/taktikoak beharrezkoak eta garrantzitsuak diren arren, faktore psikologikoak erabakigarriak direla. Zure urteko entrenamenduak segundo batzuetako jaitsieratan laburtzen dira, eta hori dela eta, presioa eta konpetizioari aurre egiteko jarrera oso ondo zehaztu eta landu behar dira. Eta irekia esan nahi dut ez delako gorputz edo estilo espezifiko bat izan behar onena izateko. Hori da, gure kirolaren mamia”.
La Seu d ‘Urgell Klaran jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan, Klarak ezustekoa eman zuen C1 mailan bosgarren postuan amaituz. Emaitza horrek Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortzeko borrokan jarraitzeko aukera eman zion.
Klarak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketa unibertsitarioekin uztartzen du piraguismoa.
Gure nagusiak
Babesleak