Ander Cepas, Basque Teameko mahai-teniseko jokalaria, Munduko txapeldunorde, binakako lehian
Donostiarrak, Juan Bautista Perezekin batera, bere lehen domina lortu du Munduko txapelketa batean
Azaroaren 13tik 19ra, Tailandiak hartu du Pattaya Exhibition and Convention Hallen mahai-tenis egokituaren hitzordu nagusia, 334 atletaren parte-hartzearekin. Jaialdiak mugarri historikoa ezarri du mugimendu paralinpikoarentzat, genero-parekotasun absolutua izan duen diziplinako lehen Munduko txapelketa izan baita: 167 emakume eta 167 gizon lehiatu dira zazpi egunetan, 37 titulu banatu dituen ekitaldian.
Kronogramak Paris 2024an erabilitako eta Los Angeles 2028rako proiektatutako formatu paralinpikoari jarraitu dio: lehenengo hiru jardunaldiak binakako eta binakako proba mistoei bakarrik eskaini zaizkie, eta banakako koadroak azaroaren 15etik aurrera hasi ziren jokatzen.
Hitzorduak esperientzia eta gaztetasuna nahastu ditu. Cepas, Parisen 2024an brontze paralinpikoa eskuratu zuena, nazioarteko lau txapelketatako tituluekin iritsi zen aurten, Lignano eta São Pauloko Challengerrak eta Taipei eta Yvelineseko Eliteak, Poloniako zilarraz gain. Aurtengoa izan da Munduko bere bigarren txapelketa. Lehenengoan, 2022an Granadan jokatutakoan, final-laurdenetara iritsi zen banakakoan eta binakakoan.
Oraingoan banakako koadroan, Jokoetan brontzea lortu zuen horretan, final laurdenetaraino heldu da. 9 klaseko 16 onenen kanporaketan 3-0 irabazi zion Ivan Mai ukrainarrari, baina hurrengo fasean, final-laurdenetan, ezin izan zuen Koyo Iwabuchi japoniarra gainditu eta 0-3ko emaitzarekin galdu zuen.
Pariseko Jokoetan Anderrek ez zituen taldekako txapelketako helburuak bete eta horrek aurretik geratzen zenerako eztenkada eman zion. Oraingo honetan, onena bikoteka iritsi zaio.
Cepasek eta Juan Bautista Perezek batera irabazi dituzte aurten Costa Brava, São Paulo eta Taipeiko 18 klaseko gizonezkoen taldekako lehiak, eta irailean zilarra lortu zuten Yvelinesen. Kiniela guztietan euren izenak agertzen ziren bikoteetako borroka irabazteko, zalantzarik gabe, eta oraingoan aurreikuspenak bete dira.
16 onenen kanporaketan 3-0 irabazi zuten (5-11,5-11, 9-11) Emil Andersson eta Sam Gustafsson suediarren aurka. Final-laurdenetan emaitza beragatik azpiratu zituzten, 3-0 (3-11, 8-11, 9-11), Laurens Devos eta Marc Ledoux belgikar indartsuak. Finalerdietan indarrak neurtu behar izan zituzten Hayuma Abe eta Koyo Iwabuchi japoniarrekin eta 3-1 gainditu zituzten (11-7, 5-11, 7-11, 8-11).
Final handian Lev Kats eta Ivan Mai ukrainarren aurka jokatzea egokitu zitzaien. Bikote biek borroka gogorra izan zuten, baina azkenean lehia Ukrainiako taldearen alde bukatu zen: 3-2 (8-11, 11-7, 11-4, 10-12, 11-8). Horrela, Anderrek eta Juanek zilarra sinatu zuten, 2028ko Los Angeleseko Jokoei begira kontuan hartu beharreko bikoteetako bat direla berretsiz.
Pariseko hitzordu handiaz geroztik, Ander Cepasek bere igoera sendotu du, 9. Klaseko munduko rankingeko 1. postura iritsi arte. 2024ko Parisen bereganatutako brontze paralinpikoarekin batera, bi zilar lortu ditu 2025eko Europako Txapelketan (banakakoa eta bikote mistoak) eta Mundu mailako bere lehen domina (zilarra) Pattaya 2026an, nazioarte mailako ITTF-ko hainbat titulurekin batera.