Euskal surflari guztiek aukerekin jarraitzen dute Punta Rocaseko Munduko Txapelketan
12-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek aukerekin jarraitzen dute Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Nadia Erostarbe

Nadia Erostarbek, Janire Gonzalez-Etxabarrik, Ariane Ochoak eta Naïa Montek lehiaketa nagusian jarraitzen dute eta laugarren kanporaketan daude jada

Hans Odriozola ere laugarren kanporaketara pasa da; Ruben Vitoriak eta Kai Odriozolak, berriz, aurrera jarraitzen dute errepeskaren bitartez 

Perun jokatzen ari diren World Surfing Gamesek euskal partaidetza zabala duen jardunaldia utzi digute gaur. Euskal surflari guztiek bizirik jarraitzen dute txapelketan eta oraindik ere loria lortzeko aukerekin Punta Rocasen, Los Angeleseko Jokoetarako lehen hitzordu puntuagarrian.

Nabarmentzekoa da euskal emakumeek txapelketa honetan izan duten jarduna. Guztiek aurrera jarraitzen dute eta lehiaketa nagusiaren bidez gainera. Nadia Erostarbek gaur egin du debuta, Championship Tourreko surflari gisa duen estatusari esker. Filipinetako azken probatik etorri eta gero, gipuzkoarrak egun batzuk izan ditu egokitzeko eta gaur, azkenean, martxan hasi ahal izan da. Bere surfik onena ateratzea gustatuko litzaioke, baina gaur lehen hartu-emanarekin balio izan dio. Kana Nakashio japoniarra, 11.2rekin, izan da txandako onena Erostarberen (10.23) eta Lucia Indurainen (4.8) aurretik.

Janire Gonzalez-Etxabarri iazko txapeldunak nagusitasunez defendatzen jarraitzen du bere koroa. Txandan gora eta behera ibili da, baina etxeko lanak egiten amaitu du, eta 12. Heat-eko baloraziorik onena lortu du: 8.47. Zumaiarraren atzetik amaitu dute Puerto Ricoko Havanna Cabrerok (8.0), Australiako Leihani Zoric-ek (7.8) eta Italiako Diana Giorgik (5.1).

Ariane Ochoak ezin izan du bere txanda irabazi aurreko jardunaldietan bezala, baina serieko bigarren postuan igaro da hurrengo fasera. Peruko Sol Aguirrerekin borrokatzea egokitu zaio eta harmailetako presioa nabaritu egin da. Sol izan da irabazlea (13.37) eta Ariane bigarren sailkatu da (11.17). Jin Shuhan txinatarra (10.16) eta Mia Calderon portorricarra (6.74) berriz errepeskara erori dira.

Naïa Monte Baionako surflari gaztea ere laugarren kanporaketan sartu da, Yolanda Hopkins bezalako surflarien aurka. Hopkins CTn lehiatzen ari da, eta Paris 2024an olinpikoa izan zen. 15 urte besterik ez dituen arren, Naïak indar eta garrarekin surfeatu du eta hurrengo fasera igaro da serieko puntuaziorik onenarekin: 12.67. Bigarren Hopkins portugaldarra izan da 10.60rekin, hirugarrena Genesis Borja Ekuadorko surflaria 10.47rekin eta laugarren Nilbie Blancada filipinarra 6.93rekin.

Gizonezkoen koadroan, Hans Odriozolak sekulako erakustaldia eskaini du, bere txandako lehen postuan laugarren kanporaketara igaro baita. Serie oso zaila zen, eta indarrak neurtu behar izan ditu berarentzat benetako idoloak izan diren kirolariekin, hala nola Griffin Colapintorekin. Gaur estatubatuarrak ez du bere egunik onena izan eta laugarren postura jaitsi da 6.57ko emaitzarekin. Kai Gale Grani panamarrak ere ez du txartela lortu (7.87). Alonso Correa perutarrak, aldiz, 10.10eko nota lortu du eta Leon XIV.a Aita Santuaren bisita dela eta Perun ospatu den jai egunean harmailak bete dituzten ikusleen sostengua izan du lagun.

Bere aldetik, Ruben Vitoriak ezin izan du lehiaketa nagusian jarraitu, nahiz eta minutu askoan aurretik egon bere txandan, sailkatze postuetan, azkenean amore eman du Kauli Vaast frantziarra (8.84) eta Bryan Perez salvadortarra (10.86) bezalako lehiakide indartsuen aurrean. Rubenek ezin izan du maniobra bat amaitu bere azken olatuan, agian txandaren norabidea alda zezakeena. Zarauztarra, horrela, errepeskan arituko da, iaztik ondo ezagutzen duen eta zortzigarren postua eman zion bidean.

Kai Odriozola ere aurrera jarraitzen du bigarren aukerakotik. Donostiako anaietako zaharrenak bere seriea irabazi du lehiaketa paraleloko hirugarren kanporaketan. 12.5eko balorazioarekin Alex Suarez ekuadortarra (9.66), Gearoid McDaid irlandarra (9.63) eta Elian Gelabert portorricarra (5.94) baino hobea izan da.

Honekin lotutako berriak

10-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek jarraitzen dute lehian Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-azaroa-2026

Ruben Vitoria eta Hans Odriozola hirugarren kanporaketara pasa dira Punta Rocaseko Munduko Txapelketako gizonen koadroan 

Informazio gehiago
09-azaroa-2026

Euskal emakume guztiek pronostikoak bete dituzte eta World Surfing Gameseko bigarren kanporaketan sartu dira

Informazio gehiago
08-azaroa-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflaria Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu da

Informazio gehiago
07-azaroa-2026

Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketa ondo hasi da euskal surflarientzat

Informazio gehiago
02-azaroa-2026

Zazpi euskaldun arituko dira loriaren bila Punta Rocaseko Munduko txapelketan

Informazio gehiago