Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflaria Punta Rocaseko World Surfing Games txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu da
Gaur, ISAk (International Surfing Association) antolatutako Munduko Txapelketak bi orduko atzerapena izan du, elektrizitate-sistema erori egin baita ekitaldia egiten den Goi-Errendimenduko Zentroan. Horren ondorioz, txanda guztiak berrantolatu behar izan dituzte, horien artean Janire Gonzalez-Etxabarrirena. Nolanahi ere, ez da oztopo izan Zumaiakoak txanda arazo handirik gabe gainditzeko.
Basque Teameko kirolariak 14 puntu pilatu ditu seriean, 7.50 eta 6.50eko bi olatu onenekin. Janire Yun Jung Chung (4.56) Taipeiko surflaria eta Snow Parisi (3.90) kanadarra baino askoz gehiago izan da, eta nagusitasunez igaro da lehiaketa nagusiko bigarren kanporaketara.
Gogoan izan behar da Janirek irabazi zuela iaz El Salvadorreko Munduko Txapelketan, eta Perura datorrela banakako txapelketan koroa berresteko eta taldekako postu olinpikoa lortzeko asmoz, Ariane Ochoa bilbotarrarekin eta Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera.