Parkeko lehia hasi da Asunciongo Munduko Txapelketan eta Gadea Moja Basque Teameko skaterrak agur esan dio ekitaldiari sailkatze-saioan
Gadea Mojak ireki du Paraguaiko hiriburuan jokatzen ari diren World Skate Gameseko park modalitateko Basque Teameko espedizioaren parte-hartzea. Bizkaitarra egunean jokatu diren sei saioetatik laugarrenean lehiatu da, programa olinpikoan sartutako modalitateetako baten sailkatze-saioan, park modalitatean.
Vera Navalikhina errusiarraren, Fay De Fazio Ebert kanadarraren, Sofia Godoy eta Fernanda Galdino brasildarren, Katelyn West estatubatuarraren, Coco Crafter australiarraren, Shani Paz israeldarraren, Lingyan Meng eta Xiuqiancheng Han txinatarren eta Ceci Rendueles asturiarraren taldean kokatuta, Gadeak ezin izan du hurrengo fasera igarotzeko txartela lortu.
32 lehiakide zihoazen aurrera eta Gadeak ezin izan du talde horretan sartu. Lehen bi saiakeretan 6.63 eta 6.60ko puntuazioa lortu du, eta hirugarren saiakeran 24.35ekin hobetu duen arren, ez da nahikoa izan.
Bihar gizonezkoek hartuko dute lekukoa, eta Peio Gonzalez eta Alain Kortabitarte izango ditugu lehian, biak ere Basque Teameko bekadunak. Naia Lasok eta Egoitz Bijueskak oraindik zerbait gehiago itxaron beharko dute parkean lehiatzen hasteko. Gaur entrenamendu ofizialak egin dituzte eta bihar itzuliko dira beste lansaio bat egiteko. Biak ere vert modalitatean lehiatu ziren, meritu handiko emaitzekin: laugarren postua Bijueskarentzat eta seigarren postua Lasorentzat.