Basque Teameko Egoitz Bijueska skaterrak brontzea lortu du Ostiako Munduko Kopa
14-ekaina-2026

Basque Teameko Egoitz Bijueska skaterrak brontzea lortu du Ostiako Munduko Kopa

Egoitz Bijueska

Naia Lasok zazpigarren postuan amaitu du emakumeen finalean

Egoitz Bijueskak eta Naia Lasok lehen kolpea eman dute Kaliforniako Olinpiar Jokoetarako bidean. Ostia 2026ko Munduko Skateboarding Kopak (Erroma) garrantzia handia du World Skateko munduko zirkuituko lehen geldialdi puntuagarri ofiziala delako 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko. Lehiaketa honek ofizialki inauguratu du Park modalitateko ziklo preolinpiko globala (1. Fasea), eta Basque Teameko bi skaterrek argi utzi dute prozesu honetan zeresana emateko hautagai nagusietakoak direla.

Egoitz Bijueska skatearen figura ospetsua da gaur egun. Gaztea izanagatik, jada ez da promesa bat; errealitatea da. Munduko rankingaren gailurrean, emaitzek bermatzen dute; iazko Ostiako Munduko Kopako urreak, mugarri izan zenak eta, batez ere, aurtengo martxoaren hasieran Sao Paulon lortutako munduko tituluak. Hitzordu hartan argi geratu zen Egoitzek berezko dohaina duela, kirol honetako izarra izateko eta garai bat markatzeko jaio dela. Bikaintasunaren alde hasieratik egin duen apustua funtsezkoa izan da, eta Estatu Batuetan egin duen prestakuntzak, onenetatik edanda, podium olinpiko batekin amets egiteko aukera ematen digun leku eta teknika batean kokatu du.

Asteburu honetan, Ostian, final-laurdenetan hasi zen lehiatzen, serieburu zela, eta kanporaketa horretako onena izaten eman zituen lehen urratsak. Lehen kanporaketan 90.34 puntu lortu zituen, baina 90.67 bigarrenak hobetu egin zuen aurrekoa eta finalerdietarako txartela eman zion. Kanporaketa horretan bigarren izan zen, Issei Sakurai japoniarrak bakarrik gainditu zuelarik, 94.98ko baloraziorik onena lortuz. Lehenengo saioan 92.18 puntu lortu zituen, bigarrenean 66.05 eta hirugarrenean 93.45.

Gaurko finalean Egoitzek 89.47 puntu lortu ditu lehen txandan eta 92.41 bigarrenean, azken honekin Golden Roundean, onenen txandan, parte-hartzea ziurtatuz. Txanda horretan Egoitzek postuari eutsi dio, 93.00 batekin, eta brontzea eskuratu du. Issei Sakurai japoniarrak irabazi du lehiaketa (94.00), eta ondoren Tom Schaar estatubatuarrak (93.15) bukatu du.

Bestalde, Naia Laso aspaldi dago eliteko skaterren artean instalatuta. 2024an brontzea lortu zuen Ostian jokatutako Munduko Txapelketan eta urrea Dubaiko Munduko Kopan. Olinpiko gisa debutatu zuen Pariseko Jokoetan, parkeko finalean sartuz, eta zazpigarren postua lortuta, diploma eskuratuz.

Egoitzek bezala, bermeotarrak ere sailkapen-proba jokatu gabe hasi zuen bere ibilbidea Munduko Kopa honetan, serieburua zelako. Lasok zazpigarren bukatu zuen final-laurdenetan, eta bere kanporaketarik onena izan zen lehenengoa, 81.50eko puntuazioarekin. 16 onenak igaro ziren hurrengo fasera. Finalerdietan emaitza errepikatu zuen, zazpigarren izanda berriro, baina final-laurdenetako emaitza hobetuz. Lehen txandan bere trikimailuek 83.65 puntu eman zizkioten eta nahikoa izan ziren finala jokatu duten zortzi skater onenen artean sartzeko.

Azken borroka horretan Naiak ezin izan du gaur bere skateboarding onena atera. Arriskatzen saiatu da, baina ezin izan du errondarik osatu ohi duen distirarekin. Lehenengo txandan erori egin da (21.00 puntu), baita beste bietan ere (61.44 eta 21.10). Ezin izan du Golden Rounderako txartela eskuratu, zazpigarren amaitu baitu. Mizuho Hasegawa japoniarrak (96.33) irabazi du urrea, Sky Brown britainiarrak (93.38) zilarra eta Cocona Hiraki japoniarrak (89.00) brontzea.

Munduko Kopa honetan, gainera, Gadea Moja izan dugu emakumezkoen taldean, sailkatze txanda igarotzea lortu ez zuena, eta Peio Gonzalez eta Alain Kortabitarte gizonezkoetan, final-laurdenak jokatu zituztenak.

Honekin lotutako berriak

09-martxo-2026

Basque Teameko Egoitz Bijueska skaterrak urrezko domina irabazi du Sao Pauloko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
27-otsaila-2026

TXOSTENA: Euskadi potentzia da berriro ere Skateko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-ekaina-2025

Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterra harro itzuli da etxera, Ostiako Munduko Kopan irabazitako urrearekin

Informazio gehiago
08-ekaina-2025

Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterrak erakustaldia eman eta Ostiako Munduko Kopa irabazi du

Informazio gehiago
03-ekaina-2025

Bikaintasunaren bila 

Informazio gehiago
21-ekaina-2024

Alain Kortabitarte Basque Teameko skaterrak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du

Informazio gehiago