Iker Sastre Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina bereganatu du Laskoko ITTF World Para Challengerrean
Nahiz eta jokalari beteranoa izan, mila borrokalditan ondua, Iker Sastrek nazioartean lehiatzen eta podiumera igotzeko motibazioa izaten jarraitzen du. Oraingoan, Esloveniako Lasko herriko ITTF World Para Challenger txapelketako hirugarren tokia eskuratu du.
MD4 klaseko binakako lehen partidan, 3. multzoan, Iker Sastrek eta Daniel Rodriguezek 3-0 (11-9, 11-7, eta 11-9) irabazi zieten Thailandiako Thirayu Chueawong eta Natthawut Thhinathet jokalariei. Bigarren neurketa bide beretik joan zen, emaitza beragatik multzoen faseko bigarren garaipena lortuz, 3-0, baina oraingoan Kyung Hyun Km eta Jin Cheol Parlk korearren aurka (11-8, 15-13, 11-5), eta hirugarrenean gidoia errepikatu zen, Sastre eta Rodriguez Zhongtao Yu eta Shilin Tian txinatarrei gailendu baitzitzaizkien (11-4, 11-8, 11-2).
Multzoetako etapako emaitzei esker final-laurdenetarako sailkatu ziren eta partida horretan Francois Geuljans eta Alan Papirer frantziarrak 3-0 gainditu zituzten (11-5, 13-11, 11-2). Finalerdietan, ordea, ezin izan zuten beste bikote korearra menderatu, Uk Hyeon Kim eta Yeongjin Jang. Sastrek eta Rodriguezek 0-3 galdu zuten (8-11, 6-11, 10-12) baina brontzezko domina poltsikoratu zuten.
Banakako lehiaketan Iker Sastre 16 onenen kanporaketaraino iritsi zen.
Bestalde, Olaia Martinez donostiarrak final-laurdenetara heldu zen bai banaka, bai binaka.