Domina zaparrada Basque Teameko mahai teniseko jokalarientzat Wladyslawowoko TTF World Para Challengerrean
Iker Sastrek zilar bat irabazi du binakakoan eta Ander Cepasek zilar bat eskegi du banakako lehian eta bi brontze taldeka
Asteburu honetan Wladyslawowon (Polonia) jokatu den nazioarteko hitzorduak emaitza bikainak eman dizkie gure kirolariei. Iker Sastrek eta Daniel Rodriguezek zilarra eskuratu dute gizonezkoen binakako MD4 kategorian. Taldeen fasean sendotasuna erakutsi zuten, Hyeong Kim eta Yeongjin Jang bikote korearrari 3-0 irabazita, eta emaitza beragatik Da Costa eta Conceicao brasildarrei. Finalerdietan ez dute arazorik izan Soo Yong Cha korearrak eta Miguel Angel Toledo getafetarrak osatutako bikotea 3-0 gainetik kentzeko (11-6, 12-10, 11-5), baina 3-0 galdu dute Kinen eta Jang korearren aurka (11-1, 11-6, 11-8).
Bestalde, Ander Cepasek zilarrezko domina bat irabazi du banakako lehiaketan eta brontzezko bi taldeka.
9 klaseko banakakan donostiarrak bi garaipen lortu zituen multzoen fasean. Lehenengo Didier Lucas frantziarra 3-0 gainditu zuen (11-4, 11-6, 11-7) eta ondoren Jan Reinig alemaniarra 3-1 (11-7, 11-6, 9-11, 11-7). Final laurdenetan jaun eta jabe izan zen Koyo Iwabuchi japoniarraren aurka 3-0eko emaitzarekin (11-8, 11-4, 14-12). Emaitza berarekin gainditu zuen Lev Kats ukrainarra finalerdietan (11-5, 11-1, 11-9), nahiz eta finalean Ivan Mai herrikideak 0-3 azpiratu zuen (9-11, 8-11, 7-11).
MD18 klaseko gizonezkoen binakako koadroan, Juan Bautista Perezekin batera, bikain hasi zen, Mahai eta Nikolenko ukrainarrak 3-0 menderatuta (11-4, 11-6, 11-4). Chudzicki eta Misztal poloniarren aurka ez zuten multzoen faseko bigarren partidarik jokatu behar izan, eta final laurdenetan sartu ziren zuzenean, Wlodyka eta Glowczyk poloniarrei 3-0 irabazita (11-9, 11-8, 11-1). Gaur, azkenean, podiumeko hirugarren tokira igo dira, Lev Kats eta Ivan Mai ukrainarren aurka galdu ostean (11-6, 10-12, 11-9, 9-11, 13-15).
Binakako mistoetan Ander Cepasek eta Olaia Martinezek Bartelink eta Van Hoof holandarrei irabazi zieten XD17-20 klaseko lehen partidan. Hurrengo neurketan ez zuten lehiatu behar izan Grudzien eta Pek poloniarren erretiroagatik, eta hirugarrenean Joao Pedro Ribeiro eta Aline Meneses azpiratu dituzte 3-0 (11-6, 11-3, 11-7). Horrela pasa dira hurrengo fasera, non brontzea lortu duten, finalerdietako batean De Oliveira eta Rauen brasildarren aurka 3-1 galduta (11-5, 11-4, 5-11, 11-9).