Salma Solaun Basque Teameko gimnastaren taldeak hiru urre lortu ditu Cluj-Napocako Munduko Kopan
27-uztaila-2025

Salma Solaun Basque Teameko gimnastaren taldeak hiru urre lortu ditu Cluj-Napocako Munduko Kopan

Salma Solaun

Horrela, arabarrak berriro errepikatu du ekainean Europako Txapelketan erdietsitako emaitza

Salma Solaunek, Basque Team Fundazioaren beka duen gimnastak, eta bere taldeak nota onekin gainditu dute Cluj-Napocako Munduko Kopa, 2025eko hitzordu handiari (Rio de Janeiron abuztuaren 20tik 24ra jokatuko duten Munduko Txapelketari) begira aurreikuspenak noraino hel daitezkeen ikusteko test gisa balio izan duena. Azterketa horretan emaitza bikaina eskuratu dute, urrea zintzilikatu baitute bai larunbateko sailkapen nagusian, bai gaur jokatutako bi finaletan.

Salma Solaun, Ines Bergua, Marina Cortelles, Andrea Fernandez, Lucia Muñoz eta Andrea Corralek osatutako taldea podiumaren gorenera igo zen atzo sailkapen nagusian eta bost zinten finalerako eta ariketa mistoaren finalerako sailkatu zen.

Cluj Napocako sailkapen nagusiko garaipena ostiral eta larunbat artean lortu zuten. Lehenengo jardunaldian oso gainetik azaldu ziren, eta horrek larunbateko balantzerik txarrena, behin-behineko seigarren postua, konpentsatzen lagundu zien. Azkenean metal preziatuenak ez zuen ihes egin, eta asteburuko lehen urrea eskuratu zuten 51.450 punturekin; Polonia (50.400), Israel (50.200), Japonia, Bulgaria, Ukraina, Estonia eta Finlandiaren aurretik amaituta.

Alejandra Queredak zuzentzen dituen taldea denboraldi honetako Munduko Kopako hiru probetako sailkapen nagusiko podiumera igo da. Sofian ere urrea  poltsikoratu zuten, Portimaon zilarra eta Europako Txapelketan urrea lortu zuten berriro, batez ere ariketa mistoan erakustaldia emanda eta 27,700ko puntuazioa lortuta.

Gaur aparatuetan bi finalen txanda iritsi da Errumanian. Eguerdian, lehenengoa irabazi dute, bost zintena, 27.200 puntuko puntuazioari esker. Polonia (26.950) eta Bulgaria (26.550) baino hobeak izan dira.

Ondoren, arratsaldean, hiru pilota eta bi uztaien finala irabazi dute, 27.300 punturekin, Polonia (26.650) eta Italia (25.200) gaindituta.

Salma Solaunek eta bere taldekideek ziklo olinpiko berri bati ekin diote espero bezala joan ez ziren 2024ko Pariseko Jokoen ondoren. Ziklo honek kirol honen abangoardian kokatzen ditu, lehen erregistro guztietan nagusi ziren aurkarien gainetik. Aurreko Munduko Kopetako, Errumaniako asteburu honetako eta Europako Txapelketako emaitzek Rio de Janeiroko Munduko Txapelketara aurreikuspenik onenarekin joateko aukera ematen diete, diziplina honetako beste potentzia batzuei abisua emanda. Brasilen, estatu mailan gimnastika erritmikoak 2014tik lortu ez duen urrezko domina lortzeko aukera dute. Anfitrioiak, Txina eta Japonia izango dira gainditu beharreko aurkari gogorrenetako batzuk.

Honekin lotutako berriak

11-ekaina-2025

Salma Solaunek Europako Txapelketan lortutako urrezko hiru dominak aurkeztu ditu etxean

Informazio gehiago
08-ekaina-2025

Beste bi urre Basque Teameko Salma Solaun gimnastarentzat Europako Txapelketan

Informazio gehiago
07-ekaina-2025

Basque Teameko Salma Solaun gimnastak urrea erdietsi du erritmikako Europako Txapelketan

Informazio gehiago
09-abuztu-2024

Salma Solaun, Basque Teameko erritmikako gimnasta, finaletik kanpo geratu da taldekako lehian, Parisko Olinpiar Jokoetan 

Informazio gehiago
02-uztaila-2024

BAT TO PARIS

Informazio gehiago
27-ekaina-2024

Gimnasia erritmikoa eta Salma Solaun protagonista ‘BAT To Paris’ saioaren bederatzigarren atalean

Informazio gehiago