Basque Teamek lehiaketa baten simulazioa egin du bere skaterrekin, testuinguru horretan haien gorputzek nola funtzionatzen duten ulertzeko
Basque Teamen zeregina euskal kirol-talentuaren zerbitzura egotea da, goi-mailako euskal kirolariei laguntzea, munduko elitean distira egin dezaten eta maila horri luzaroan eutsi diezaioten. Fundazioaren helburua nazioarteko goi mailako euskal kirolarien parte-hartzea eta emaitzak sustatzea da, eta hori posible izan dadin, ezinbestekoa da errendimenduaren esparruan sostengua ematea.
Kontua ez da haien ingurune eta lantaldeak alboratzea, baizik eta haiei laguntzea eta haien entrenatzaileek, federazioek eta hautatzaileek osatzen duten ekosistemaren parte izatea.
Kirolarien egoera fisikoa eta mentala zein den jakiteko probak Basque Team Zentroko laborategian egin ohi dira, baina, batzuetan, oso interesgarria izaten da testuinguru horretatik ateratzea atleten gorputzek lehiatzera ateratzen direnean aurkitzen dutenaren antzeko egoera batean nola erantzuten duten jakiteko.
Hori dela eta, Basque Teameko zerbitzu biomediko-teknikoek jarduera zehatz bat planteatu dute Fundazioak bekatuta dituen skaterrekin, Erromara joan aurretik. Markel Arregui arduradun biomedikoak Leioako skateparkera irteera planteatu du Mar Garcia, Usue Zatika, Idoia Eskurza eta Aitor Alberdi teknikariekin batera, lehiaketa-simulazio bat egiteko. Bertan, Egoitz Bijueska, Peio Gonzalez, Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu skaterren balioak neurtu dituzte, denboraldiko hitzordu garrantzitsuenen prestakuntzan erabakiak hartu ahal izateko.
“Kontuan izan behar dugu literatura zientzifikoan ez dagoela horrelako informaziorik, horregatik skatepark honetara etorri gara euren datuak jasotzeko: bihotz taupaden maiztasuna, esfortzu maila edo pertzepzioa eta odoletan duten laktato maila. Parametro hauekin baloratu dezakegu euren esfortzua zenbatekoa den eta horren arabera beroketa edota atseden tarteak planifikatu edo moldatu errendimendua hobetzeko. Guzti honen sistematizazioak ekarriko du kirol honen jarraipen bat edo garapen bat eta jakingo dugu zenbat aldiz bota behar diren, zenbat segundoro egin behar dituzten esfortzuak, esfortzu horiek zenbateko eragina ekartzen dieten euren gorputzei….” adierazi du Markel Arregui Basque Team Zentroko arduradun biomedikuak.
Alain Goikoetxea Estatuko hautatzailearekin koordinatutako proba izan da. Berak bertatik bertara ezagutzen ditu kirolariak eta goi-mailako lehiaketetan sortzen diren beharrak.
Kontuan izan behar da skateak ibilbide luzea duela jolas-jarduera gisa eta filosofia eta bizimodu ludikoarekin oso lotuta dagoela, baina ibilbide laburra duela goi-mailako kirol gisa. 2020ko Tokioko Jokoetan sartu zen programa olinpikoan, eta oraindik ere garatzeko eta sistematizatzeko tarte handia du bere protokoloetan.
“Leioa aukeratu dugu, lehiaketako skateparken nahiko antzekoa delako. Skaterrak neurketak egiteko eta informazioa izateko lehiaketa batean egongo liratekeen egoera berean jarri nahi ditugu. Denboraldi honetan nahiko entrenatu dute eta oso ondo prestatuta daude, orain kontua ahalik eta baldintza onenetan iristea eta ondo lehiatzea da. Kontua da kirol bat profesionalizatzea, jarduera bat. Pasio batetik gatoz, eta orain alderdi medikoak eman diezazkigukeen datuekin profesionalizatu nahi dugu, aurrera egin ahal izateko” azpimarratu du Alain Goikoetxea Estatuko hautatzaileak.
Simulakroa amaitzean, kirolariek eurek aipatu dute horrelako jardueren beharra gero eta profesionalizatuagoa den eta mundu mailan inbertsio eta berrikuntza gehiago dituen kirol batean, bikaintasunak eskatzen dituen xehetasunak doitu ahal izateko eta Munduko potentziekin indarrak neurtzean lehiakorrak izan ahal izateko.
“Ni pultsazioak igotzen eta azkar joaten saiatu naiz, lehiaketan gehiago sentitzeko eta ahalik eta errealistena izateko, eta oso ondo joan da”, adierazi du Gadea Moja Basque Teameko skaterrak. “Oso gustura sentitu naiz, uste dut lan bikaina egiten ari garela eta hau guretzat oso baliagarria dela lehiaketak prestatzeko. Joko olinpikoetan sartu denetik skater guztien maila igotzen ari da herrialde guztietan eta horregatik hau oso baliagarria da guretzat” gehitu du Peio Gonzalez taldekideak.