Basque Teameko kirolariek hiru dominarekin itxi dute mahai-tenis egokituko Poloniako Challengerra
Iker Sastrek brontzea irabazi du eta Ander Cepasek zilarra banakako lehiaketan eta Sastre podiumera igo da berriro taldekako lehiaketan zilarra irabazita
Basque Teameko beka duten mahai-teniseko jokalariak ohituta dauden erritmoa eta lehiaketa-maila hartzen ari dira, Pariseko Jokoetako biharamunaren ondoren. Sastrek eta Cepasek horietan parte hartu zuten eta apurka-apurka badoaz martxa hartzen.
Martxoaren 26tik 29ra jokatu da Poloniako Wladyslawowo herrian Munduko zirkuituaren barruan dagoen nazioarteko challengerra. Torneoari banakako txapelketarekin eman zitzaion hasiera. Horretan Iker Sastre 2. klasean lehiatzen da eta Ander Cepas 9.ean. Biek podiumera igotzea lortu dute, mundu mailan indar gehien duten izenen artean daudela erakutsiz.
Iker Sastrek Jan Riapos eslovakiarraren aurka jokatu zuen bere lehen partida eta 0-3 nagusitu zen. Bere bigarren neurketan Alan Rene Papirer frantziarra izan zuen aurkari eta 3-1eko emaitzarekin garaipena lortu zuen. 16 onenen kanporaketan bilbotarrak 0-3 menderatu zuen Jiri Suchanek txekiarra, eta gidoia bide beretik joan zen final-laurdenetako norgehiagokan, Luis Flores txiletarrari 3-1 irabazita. Finalerdietako partidan, ordea, ezin izan zuen Peter Lovas eslovakiarra gainditu (2-3). Gauzak horrela, Iker Sastrek brontzezko domina eskuratu zuen banakako lehiaketan.
Gaurkoan bizkaitarrak zilarrezko beste bat gehitu dio, Daniel Rodriguezekin MD4 klasean taldea osatuz. Finalerdietako partida sendo irabazi dute, Jakimczuk eta Czuper poloniarren aurka 0-3ko emaitzarekin. Ondoren, finalean maila bikaina eman dute baina 3-2 galdu dute Lovas-Riapos eslovakiarren aurka, zilarrezko domina zintzilikatuz.
Bestalde, Ander Cepas, iazko Parisko Jokoetan brontzezko dominaren irabazlea, podiumera igo da banakako lehiaketan, 9. klasean. Bere lehen partidan erraz irabazi zion, 3-0eko markagailuarekin, Jan Dukalski poloniarrari. Multzoen faseko bigarren norgehiagokan ere 3-0 gailendu zitzaion Ivan Mai ukrainarrari. Finalerdietan Joshua Stacey britainiarra gainditu zuen 3-0eko emaitzarekin. Finala gehiago kostatu zitzaion donostiarrari, eta 3-1 galdu ondoren Lev Kats ukrainarraren aurka, zilarrarekin konformatu behar izan zuen.