Jardunaldi ez oso emankorra euskal kirolarientzat Pariseko Paralinpiar Jokoetan
29-abuztu-2024

Jardunaldi ez oso emankorra euskal kirolarientzat Pariseko Paralinpiar Jokoetan

Ander Cepas podiumera igotzeko faborito nagusienetako bat zen 18 klaseko mahai-teniseko binakako txapelketan, baina donostiarraren debuta ez da espero bezala joan. Harmailetako giroak eta presioak min egin diote Cepasek eta Jorge Cardonak osatutako bikoteari. Bere kidearen esperientzia aldeko faktorea izan arren, South Paris Arenan bildutako zaleen orroa  ez da kudeatzen erraza izan kirolari gaztearentzat. Nahiz eta Cepasek eta Cardonak hasiera ona izan duten, porrota jaso dute Luiz Filipe Manara eta Claudio Massad brasildarren aurka (3-1). Orain gipuzkoarra S9 klaseko banakako lehiaketan zentratuko da, bertan dominen borrokarako faboritoetako bat ere bada.

Iker Sastrek ere bere lehen partida jokatu du Parisko Joko hauetan, baina ezin izan du emaitza onik lortu, 4 klaseko binakako txapelketako final-laurdenetan galdu baitu. Zozketa ez zen batere atsegina izan Bilboko jokalariarekin eta Miguel Angel Toledo taldekidearekin, Peter Lovas eta Jan Riapos eslovakiar bikote zaila egokitu baitzitzaien. Tokioko binakako txapelketan diploma bat  lortu zuten Sastre eta Toledo ederki borrokatu dira, baina 3-2 galdu dute. Orain, Cepasen kasuan bezala, Sastrek banakako lehiaketa izango du ardatz.

Igeriketan Mikel Erdozain gazteak gaur goizean egin du debuta Joko Paralinpiko batzuetan, S2 mailako bizkar estiloko 100 metroetako sailkatze seriearekin. 3:10.73ko denborarekin hamargarren postuan bukatu du Leioako kirolariak eta, beraz, ez da sartu arratsaldeko finalerako txartela ematen zuten zortzi denbora onenetan. Gogoan izan behar da Mikelek tetraparesia espastiko distonikoa eta diszinesia dituela, lehen boccia praktikatzen zuela, baina igeriketara igaro ondoren aurten bertan egin duela nazioarteko debuta, eta oraindik ere hobetzeko tarte handia duela. Bizkaitarrak pozik bukatu du Defense Arenan egindako lana.

Gurpil-aulkiko saskibaloian gaur hasi da multzoen fasea gizonezkoen zein emakumezkoen kasuan, eta bi taldeek aurkari gogorrak izan dituzte. Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte eta Naiara Rodriguezen selekzioak porrot galanta jaso du Britainia Handiaren aurka. Defentsan egindako hutsek eta kontzentrazio faltak 69-34 galtzea ekarri diete. Gizonezkoen selekzioak, bere aldetik, aurre egin die Estatu Batuei eta neurketaren fase batzuetan oso gertu eduki dituzte, bi puntura ere jarri direlarik. Azken laurdenean, ordea, amerikarrek alde egin dute berriro, behin betiko 66-56ko emaitza lortzeko.

Azkenik, arku-tiroan, Guillaume Toucoullet Baionako kirolariak lehen postuan amaitu du banakako lehiaketako arku errekurbo edo tradizionalaren rankingerako sailkapen-txanda. 652ko puntuazioarekin, marka paralinpikoa hautsi du eta zuzenean final-zortzirenetan sartu da. Final zortzirenak irailaren 4an jokatuko ditu, 15:27an.

Honekin lotutako berriak

08-urria-2026

Basque Teameko Naia Laso skaterrak finalerdietarako txartela lortu du Asunciongo Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
22-uztaila-2026

Kayakeko patruilen proban emakumeak zazpigarren izan dira eta gizonak hamahirugarren Oklahomako Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
14-uztaila-2026

Basque Teamek 81 kirolari bekatuko ditu 2026an

Informazio gehiago
16-ekaina-2026

Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako

Informazio gehiago
18-maiatza-2026

ZORU PELBIKOA: Aktibazioa eta erlaxazioa

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago