"Gauza positiboekin geratzen naiz: bizipenak, jendea, txapelketak eta Rio de Janeiron, 2016an, lortutako amets olinpikoa"
Carlos Tobalina, Basque Teameko pisu jaurtitzaile ohia, oso pozik agertu da goi maila nahi izan duen moduan utzi ostean, lehiatuz eta podiumeko lehen kaxoira igoz
Carlos Tobalinak agur esan zion goi mailako kirolari La Nucian jokatutako Espainiako azken txapelketan, bere senide eta lagunekin batera. Carlosen aurpegia zuten kamisetak eta bizar postizoak zeramatzatela, titulua zazpigarren aldiz jarraian irabazi zuen atletari omenaldia egin zioten han.
“Atletismoa ahalik eta maila altuenean utzi nahi nuen, horregatik Espainiako txapeldun izaten utzi izana oso ondo egon zen. Ikusten duzuenez, ez dut bizarrik, moztu behar nuen eguna azkena izango zela esan bainuen, eta han izan zen, maite nauten eta nik ere maite ditudan familia eta lagunez inguraturik. Oso egun polita eta hunkigarria izan zen”, esan du atletak Basque Teameko komunikazio taldearekin izandako elkarrizketan.
Momentuz, Carlosek ez ditu eguneroko entrenamenduak eta sakrifizio handiak faltan botatzen. Oraingoz oso pozik dago hartutako erabakiarekin, berak hautatu baitu noiz eta nola agurtu. Atletismoak ez du bera utzi, bere erabakien jabe izan da.
“Joan behar ez dudala ikustean, denboraldiaurre bat hasi behar ez dudala ikustean… agian hor nabarituko dut beherakada handiena, baina oraingoz oso lasai eta oso pozik nago beti nahi izan dudan bezala agur esan nuelako, beti amestu izan dudan bezala, beti nahi izan dudan bezala”, azpimarratu du Tobalinak.
Carlos Tobalina Espainiako eta Iberoamerikako txapelketetan, Europako txapelketetan, Munduko txapelketetan, Mediterraneoko Jokoetan, Europako Jokoetan… lehiatu da, eta nazioartean oso ibilbide emankorra izan du, baina batez ere, bere taldekideek, prentsak eta jarraitzaileek asko maite izan duten atleta izan da.
“Nire kirol ibilbideaz hitz egiten zidatenean, internazionala izan naizen aldiez, dominez… nik beti esaten nuen uzterakoan eta atzera begiratzean, baloratu egingo nuela, eta egia esan, utzi eta hainbeste mezu jasotzea itzela izan da. Gehien baloratuko dudana nirekin daramadan jende guztia da” ziurtatu du ‘Tobak’.
Carlosi azken urteetako arantzatxoak geratzen zaizkio, Estatuko selekzioak ezarritako barneko gutxieneko marka zorrotzak eta polemikoak, nazioarteko rankingean egon arren Munduko Txapelketa eta Joko Olinpikoak galdu dituzten atleta batzuek kritikatu dituztenak. Hala ere, gauza onekin geratzen da, eta batez ere Brasilgo hiriburuko Jokoetan bizitako esperientziarekin.
“Positiboaz hitzegingo dugu baina alde negatiboa ere izan dugu. Ez naiz horrekin geratuko, jarraitu dugun ibilbidea markatu duten bizipenak ere badira, baina gauza positiboekin geratzen naiz, izan ditudan bizipen guztiekin, ezagutu ditudan jendearekin, egin ditudan txapelketekin, eta batez ere 2016an bete nuen ametsarekin, Rio de Janeiron olinpikoa izatearekin”.
Oso gutxi falta zaio Carlosi Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua amaitzeko. Atletismoari lotuta jarraitzea gustatuko litzaioke.
“Nik entrenatzaile nazionalaren titulua badaukat eta bertako klubei laguntzen jarraitzea gustatuko litzaidake, nire laguntza eskatzen duten bitartean. Goian dauden karguek iraungitze data dute, entrenatzaileek atletak ateratzen jarraitzen dute eta ez da ahaztu behar federazioaren oinarria atletak eta entrenatzaileak direla”.
Tobalinak potentziala ikusten du belaunaldi berrietan, baina kritikoa da egungo sistemarekin.
“Belaunaldi berriak ere gutxieneko eskakizun horiek pairatzen ari dira, baina oso ondo konpontzen ari dira. Zenbat eta zailago jarri, orduan eta hobeto erantzuten dute, baina ondo erantzuten dute haurtzarotik gehiago entrenatzera behartzen ditugulako? Interesatzen zaiguna da atletak urte gehiagoz geratzea. 18 edo 20 urtez azpiko atleta batek bere ‘leherketa’ jotzea edo unerik onena edukitzea adin horretan ez dakit egokiena den. Federaziotik eskakizun handiko markak jartzen ari zaizkie eta beraiek erantzuten ari dira baina bospasei urte barru ikusiko dugu jarraitzen duten ala ez. Espero dut jarraitzea, baina ikusiko dugu zer gertatzen den” adierazi du.
Carlos Tobalinak atletismo munduarekin duen harremanari eutsi nahi dio eta bere buruarekin koherente izaten jarraitu nahi du fase berri honetan, kirolari fasean izan den bezala.
“Taldekide guztiekin gertukoa izaten saiatu naiz, eta horrela gogoratzea gustatuko litzaidakeela uste dut, gertuko pertsona bezala, berarekin hitz egin zezaketelako, eta ez bakarrik lehen, baita orain ere. Edozer gauza behar badute, nire telefonoa badute, eta niregana iristeko hainbat bide daude. Ni beti saiatuko naiz hor egoten, erantzuteko eta ahal dudan guztian laguntzeko”.
Carlosek Basque Teamen beka izan du 2015etik, eta Fundazioak, urte hauetan guztietan egindako lana aitortzeaz gain, babesa eman nahi dio bere bizitzan hain garrantzitsua den trantsizio garai honetan.
“Eskerrik asko zuei beti hor egoteagatik, beti adi egoteagatik, beti telefono dei baten bitartez laguntzeagatik…elkar ikusten jarraituko dugu!” bukatu du irribarre batekin.