Nerea Garcia piraguistak ezin izan du K4-500eko finalerdia gainditu Poloniako Europako Jokoetan
21-ekaina-2023

Nerea Garcia piraguistak ezin izan du K4-500eko finalerdia gainditu Poloniako Europako Jokoetan

Teresa Fernandez-Miranda BMX freestyle-ko riderra park modalitateko finalean sartu da

Nerea Garcia piraguista eta Teresa Fernandez-Miranda txirrindularia izan dira Krakovia-Malopolskako Europako Jokoen hirugarren edizioan lehiatu diren lehen euskaldunak.

Basque Teamek eta Euskadiko Piraguismo Federazioak gidatutako bikaintasun-proiektuaren parte den palistak jardunaldia ireki du Kryspinòweko kanalean, Lucia Val, Barbara Pardo eta Carla Corral K4-500 metroko taldekideekin batera. Lehen seriean laugarren postuan bukatu dute (1: 36.008), Hungaria, Danimarka eta Britainia Handiaren atzetik, eta, beraz, ezin izan dira zuzenean biharko finalera pasatu: arratsaldeko finalerdia jokatu behar izan dute. Bertan, lehen hiru ontziek aurrera jarraitzen zuten, goizeko bi serieetan bezala. Nerearen K4a hirugarren kokatu da eta erritmo onean zihoan, baina intentsitatea igotzean oin-euskarrietako bat hautsi zaie, eta horrek lasterketa osoan zehar eragina izan du. Laugarren postuan helmugaratu dira (1: 35.702), Portugal, Ukraina eta Txekiar Errepublikaren atzetik. Ontziaren gorabeherak zapore gazi-gozoarekin utzi dio Nerea Garciari maila absolutuan jokatu duen lehen nazioarteko proban. Hala ere, pozik geratu da bere errendimenduarekin.

Bestalde, Teresa Fernandez-Miranda park modalitateko BMX freestyleko riderrak helburuak bete ditu eta biharko finalerako sailkatu da. 16 parte-hartzaileetatik, 12 onenak iristen ziren finalera, eta Teresa haien artean sartu da, gaurko txandan zazpigarren postuan amaituz. BMX txirrindularitzaren formatu hau 2020ko Tokioko Jokoetarako programa olinpikoan sartu zen. Valladoliden bizi den baina jaiotzez donostiarra den txirrindularia Japoniako hiriburuan egoteko txartela lortzeko atarian geratu zen. Pariseko Jokoetan ez du aukera berriz galdu nahi eta horretarako komenigarria da puntuak pilatzen hastea. Poloniako ekitaldi honetan, BMXen, puntu asko daude jokoan zerrendan ondo kokatzeko, nahiz eta plaza zuzenik ematen ez den.

Suitza, Alemania edo Frantzia bezalako potentziekin lehiatuz, Teresak 57.00 puntu lortu ditu gaurko lehen saioan eta 53.33 bigarrenean, finalerako txartela eman dion 55.16ko batez bestekoa eginez. Nikita Ducarroz suitzarrak (79.00), Kim Lea Mueller alemaniarrak (77.16) eta Laury Perez frantziarrak (74.25) bereganatu dituzte gaurko lehen postuak. 

Bihar, ekainak 22, Ion Galarza eta Unai Mendikote hasiko dira lehian 3×3 saskibaloiko ligaxkan Letonia eta Esloveniaren aurka, eta Teresa Fernandez-Mirandak finala jokatuko du 15:00etatik 16: 15etara.

Honekin lotutako berriak

29-iraila-2025

Matx podcasta 04: Klara Olazabal

Informazio gehiago
22-ekaina-2025

Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak brontzea irabazi du Raciceko Europako Txapelketan

Informazio gehiago
15-ekaina-2025

Domina zaparrada Basque Teameko palistentzat Paueko Munduko Kopan

Informazio gehiago
07-ekaina-2025

Miren Lazkano Basque Teameko palistak zilarrezko domina irabazi du Seu d’Urgelleko Munduko Kopan

Informazio gehiago
08-iraila-2024

Higinio Rivero Basque Teameko piraguistak bederatzigarren amaitu du Pariseko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
10-abuztu-2024

Begoña Lazcano Basque Teameko palista Pariseko Jokoetako K1-500 metroko finalerdietan txapelketatik at geratu da

Informazio gehiago