Amador
Granados

BIO

Familia apal batean jaio zen, orain Lasarte-Oriari dagokion baina garai hartan Andoain herriari zegokion Talokale auzoan. Han bizi izan zen 11 urte bete arte, orduan Usurbilera aldatu baitzen bere familia. Hala ere, 41 urterekin Andoainera itzuli zen.
Kirolak garrantzi handia izan du beti bere bizitzan. Futbola da bere pasioa. Futbolari izan nahi zuen baina jaiotzetik zuen oineko deformazio batek galarazi zion.
Errehabilitazio-bide eta tresna terapeutiko gisa hartu zuen txirrindularitza. Bere aita A.D.C. Michelin talde zikloturistarekin ibiltzen zen igandero eta laster berarekin eraman zuen. Lehenengo irteerak ez ziren oso atseginak izan; 40 kilometroko distantzia bat luze egiten zitzaion, ia ezinezko bihurtzeraino.
Dena den, denboraren poderioz, zikloturista bat gehiago izatera iritsi zen. Berarentzat garrantzitsua zen, horrela desgaitasunik gabeko jendearekin neurtu ahal zituelako indarrak; beste bat zelako. Taldekideekin konparatzen zuten eta desgaitasuna albo batean geratzen zen, oinak berriro lurrean jarri arte, gutxienez. Jolas baten moduan hasi zena lan bihurtu zen, bere bizitzaren zati bat.
Lehenengo lehiaketak heldu ziren, pistan nahiz errepidean aritzen zelarik: Espainiako Txapelketa, Europako Txapelketa, Munduko Txapelketa… eta azkenik Paralinpiar Jokoak: Atenasen (2004), Beijingen (2008) eta Rion (2016) lehiatu da, eta azken horretan brontzezko domina bat erdiestea lortu zuen, taldekako abiadura proban. Gaur egun CD Zuzenak taldearekin korritzen du; talde horrekin lortu ditu bere kirol ibilbideko arrakasta asko.