Virginia Diazek hamabigarren amaitu du Parisko Jokoetako banakako scull proba
Virginia DíazVirgina Diaz Basque Teameko kirolariak hamabigarren postuan amaitu du 2024ko Pariseko Jokoetako bere parte-hartzea. Getxon bizi den arraunlaria bere probako B finalean aritu da, emakumezkoen scull proban, non lehen bi sailkatuek diploma olinpikoa lortzen zuten. Hala ere, ezin izan du erdietsi. Diazek seigarren bukatu du B final honetan, Alexandra Foester alemaniarrak (7.23.53ko denborarekin) eta Tatsiana Klimovich atleta neutralak (7.25.61) lortu dituzten lehen bi postuetatik oso urrun. Diaz 7.34.61ean helmugaratu da.
Virginia gero eta urrunago zegoen 500 metroko distantziara heltzean, eta gaur ez da gai izan estropadetako azken zatietan egin ohi duen estrategia gauzatzeko. Seigarren egin du partzial guztietan, eta azken zatian Anna Prakaten uzbeka harrapatzetik gertu egon da, segundo baten aldearekin helmugaratu baita.
Golfean Jon Rahm bere lehen domina olinpikoa irabazteko hautagai garbia da. Guztira 199 kolpe ditu (14 parez azpitik) hiru jardunaldiren ostean. Rahmek Schauffele berdindu du, tituluaren defendatzailea, eta, beraz, biek urrea jokatuko dute bihar Le Golf Nationaleko ibilbidean. Barrikakoak Tokio 2020 galdu zuen covidagatik kutsatuta, eta orain Xander Schauffele estatubatuarrarekin berdinduta da lidertzan, azken jardunaldiaren faltan.
Judoan, Ariane Toro nafarraren talde mistoak porrota jaso du final-zortzirenetan ahiz eta Japoniako talde boteretsua (3-4) estu hartu. Azkenean Miku Takaichik Cristina Cabaña gainditu du ipponagatik. Ariane Torok Muna Dahouk emnderatu du -57 kilokoan, eta Uta Aberen aurka galdu du final-zortzirenetan.
Kayak krosean, atzoko erlojuz kontrakoaren ondoren, gaur hasi dira kanporaketak. Lehen kanporaketan, Miren Lazkanok Luuka Jones zeelandaberritarra eta Zuzana Pankova eslovakiarra izan ditu aurkari, lehen postuan amaitu eta zuzenean final-zortzirenetara pasatuz. Maialen Chourraut, aldiz, hirugarren izan da lauko txanda batean, Noemie Fox australiarraren eta Viktoriia Us ukrainarraren atzetik, eta, beraz, bigarren aukerakoa jokatu behar izan du. Bertan, hurrengo kanporaketarako txartela lortu du.
Futbolean, Irene Paredes, Lucia Garcia eta Oihane Hernandezen taldeak miraria egin du finalerdietarako txartela irabazteko, penaltietan Kolonbiari gailendu baitzaio (2-2, 4-2). Munduko txapeldunak kontrako bi egoera irauli ditu, horietako bat gehitutako denborako bigarren ekitaldian, eta garaipena hamaika metroetatik sinatu du.
Txirrindularitzan, Remco Evenepoel belgikarrak historia egin du gaur arratsaldean, errepideko lasterketa eta erlojupekoa hitzordu olinpiko berean irabazten dituen lehen txirrindularia izanda. Evenepoel errepideko txapeldun olinpiko izendatu dute, Paris eta inguruetako 273 kilometroko ibilbide nekagarri eta ezezagunean onena izan ondoren. Bakarrik eta urrutitik erasoz, beste garaipen handi batzuetan bezala, Evenepoelek kolpea erman du 38 kilometroren faltan, Eiffel Dorrea atzean duela amaiera ikoniko bat egiteko. Alex Aranburuk 18. postuan bukatu du eta Oier Lazkanok 35.ean.
Eskubaloian Maitane Etxeberria eta Lysa Tchaptcheten selekzioak beste porrot batekin esan dio agur txapelketari, oraingo honetan 24-32 Frantzia anfitrioiaren aurka. Partidu guztiak galdu dituzte, beraz, etxerako bidea hartu du, dominen lehian aritzeko inolako aukerarik gabe.
Waterpoloan, partida baten faltan, Alberto Munarriz nafarraren selekzioak ezin du hobeto jokatu: Japoniaren aurka beste garaipen bat lortu du 23-8ko emaitzarekin. Bere taldeak erabat garaitu ditu japoniarrak, ez dute inolako aukerarik izan. Garaipen honekin Espainiak multzoko lehen postua ziurtatu du, nahiz eta oraindik Frantziaren aurkako partida bat geratzen zaion.
3×3 saskibaloian Gracia Alonsoren selekzioak, fase erregularreko azken partidan Alemaniaren aurka galdu arren, historia egin du bere lehen Joko Olinpikoetan eta finalerdietara pasa da AEBekin, Kanadarekin eta Australiarekin lau aldiz berdindu ondoren. Ana Junyerren neskek bigarren postuan egingo dute aurrera, etaabuztuaren 5ean, astelehena, lehiatuko dira dominak lortzeko. Hortense Limouzinen Frantziak 18-16 irabazi dio Australiari.