Virginia Diaz Basque Teameko arraunlariak urrea lortu du single scull-ean Zagrebeko Munduko Kopan
Virginia DíazIzaskun Echanizek, bestalde, zilarra eskuratu du lemazainik gabeko laukoan
Sevilla, Galizia eta Sierra Nevadatik igaro ondoren denboraldia ondo prestatzeko, orain arte egindako lan guztia erakusteko ordua iritsi da. Virginia Diazek ondo ekin dio denboraldiari, eta podiumeko lehen tokira igo da nazioarteko lehen hitzordu nagusian, skiff-ean, munduko zirkuituari dagokion Zagrebeko (Kroazia) Munduko Kopan. Gainera, erakustaldia eman du eta urduritasuna ondo kontrolatuta, estropadaren azken zatian erasoa jotzeko uneari zuhurtziaz itxaron dio. Bihotzekoa eragiteko moduko azken partziala egin du, eta, horren ostean, lasterketa argazki finish-aren bidez erabaki behar izan da.
Ostiralean bere sailkapen txanda irabazi zuen 07:37.09ko denborarekin. Virginia bigarren izan zen ia estropada osoan zehar, baina azken 500 metroetan, bultzada itzele eman zion lehiari, ohi bezala, eta horrela zuzenean pasa zen A finalera.
Gaurko finalean antzeko zerbait gertatu da. Virginiak 3. kalean egin du arraun eta behetik gora joan da. Hirugarren postuan abiatu da eta leku horri eutsi dio ia proba osoan zehar. 500 metroetan Lenka Luksova txekiarrarengandik eta Aurelia-Maxima Katharina Janzen suitzarrarengandik 1:51ra zegoen. 1.000 metroetatik igarotzean, aldea 2:08ra igo da. Dena txekiarraren eta suitzarraren arteko borrokan geratuko zela zirudienean, Virginia ezustekoa ematen hasi da, 1.500 metroak gaindituta. Distantzia 1:18ra murriztu da eta Diaz, ideiak argi eta garbi zituela, Janzen harrapatzera joan da, suitzarrak azken txanpan txekiarra gainditu baitu. Azken 500 metroetan, Virginiak indar guztiak atera ditu bere aurkaria kinka larrian jartzeko. Azkenean, biak batera iritsi dira helmugara eta estropada argazki finisharen bidez erabaki behar izan da. Virginiaren pozezko keinuek dena esaten zuten epaileek erabakia eman dutenean. Virginiak irabazi du 07:33.93ko denbora eginda, Janzen suitzarrak bigarren postua bereganatu du 07:33.95eko denborarekin eta Luksova txekiarrak hirugarrena 07:37.43ko markarekin.
Tokioko Jokoen ondoren, Aina Cidekin batera hainbeste arrakasta eman zizkion lemazainik gabeko bikoa uztea (besteak beste, 2019ko Europako Txapelketa eta 2021eko diploma olinpikoa irabazi zuen elkarrekin), eta skiffean bere bideari berriro ekitea erabaki zuen Virginiak. Bikotean arraun egin aurretik banakakoan ere lehiatu zen eta hori berreskuratzea erabaki zuen. Virginiak inoiz adierazi du ez duela beti banakako lehiaketa merezi bezala baloratu. “Ematen zuen skiff egiten ari nintzela, tokatu egin zitzaidalako, baina urteekin modalitate horretan lehiatu ahal izatea ere baloratu dut”. Bere ustez, erronka bat da maila oso altua duen kategoria batera itzultzea, non ikaskide batekin lehiatzearen abantailetako bat galtzen den: dena banatzen da, ona zein txarra.
Badirudi Basque Teameko arraunlariak ziklo olinpiko honetarako duen erronka berria bide onetik doala; izan ere, bere lehen bi Munduko Kopetan B final batzuk jokatu ondoren, 2022ko abuztuan Munichen (Alemania) jokatu zen Europako Txapelketako A finalean sartu zen, bosgarren postuan amaituz, baita irailean Racicen (Txekiar Errepublika) jokatu zen Munduko Txapelketan ere, non seigarren izan zen.
Virginiaren lorpenaz gain, Izaskun Echanizek gaur zilarrezko domina irabazi du lemazainik gabeko laukoan. Santurtziko arraunlaria, Iria Jarama, Maria Frenanda Valencia eta Olivia del Castillorekin batera, bigarren postuan helmugaratu da 06:50.93ko denborarekin, Txileko laukotearen atzetik amaituz (06:46.34). Izaskunen taldea bigarren postuan jarri da estropada hasi denetik, eta plaza horri eutsi dio proba osoan zehar, 500 eta 1.000 metroetako erreferentziek adierazten duten bezala.