Urrea Beñat Turrientes, Jon Pacheco eta Aimar Orozen futbol selekzioarentzat, Parisko Jokoetan
Emakumeen koadroan Bibiane Schulzeren Alemaniak irabazi du brontzea
Turrientes, Pacheco eta Orozen taldeak irabazi du Pariseko Jokoetako futbol txapelketako urre olinpikoa, Estatuko selekzioak Bartzelona 92n irabazi eta 32 urtera. Sergio Camellok luzapenean sartutako bi golei esker irabazi dute Santi Deniaren gizonek Frantziaren aurka 3-5eko emaitzarekin, emozioz beteriko partidan.
Espainia 1-3ko abantailarekin joan da atsedenaldira, Fermin Lopezen bi golei eta Alex Baenaren gol bati esker, Enzo Milloten hasierako golari buelta emanda, baina bigarren zatian joko zaparrada jaso dute Frantziako taldearen partetik, Maghnes Aklioucheren gol bat eta Eric Garciak Arnaud Kulimuendori egindako penalti bat tarteko.
Gehitutako denboran, Camellok tanto bat egin du 100. minutuan, eta ia denborarik ez zegoenean, kontraeraso ona osatu du urre olinpikoa ziurtatzeko.
Bestalde, emakumezkoen koadroan, Irene Paredes, Lucia Garcia eta Oihane Hernandezen selekzioari brontzeak ihes egin dio Alemaniaren aurka 0-1 erorita, Gulia Gwinnek 63 minutuan gauzatutako penalti bati esker, eta Alexia Putellasek luzapenean galdutako beste baten ondorioz.
Bayern Municheko jokalariari Cata Collen irteeran egindako faltak eta Alexia Putellasi Berger atezainak 99. minutuan egindako geldiketak erabaki dute neurketa. Espainiak langara bidali du baloia bi aldiz lehen zatian eta, ondoren, markagailua kontra zuela, ezin izan duela talde germaniarraren defentsa-hesia gainditu.
Munduko eta Nations Leagueko txapeldunek agur esan diete euren lehen Joko Olinpikoei diploma batekin, laugarren izan baitira. Gaur jokoan izan den brontzea Bibiane Schulzeren eskuetara joan da, Bizkaian bizi den eta Athletic Cluben jokatzen duen alemaniar jatorriko jokalaria.
Golfean Carlota Ciganda ez dabil gustura zelaian Joko Olinpiko hauetan, ez du bere lekua aurkitzen, aukerak bilatzen ditu, baina alferrik. Hirugarren eguneko sufrikarioa bere lehen zuloan hasi da, bigarren kolpearekin bola uretara bidali duenean. 48. postuan amaitu du eguna, zelaiaren parearen gainetik 10 kolperekin. Adierazi duenez, azken jardunaldian paretik jaisten saiatzea izango da helburua.
Eskubaloian Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia eta Sergey Hernandezen konbinatuak brontzezko dominaren bila berriz joatearekin konformatu beharko du, finalerdi olinpikoak jokatu zituen beste lau aldietan gertatu zitzaion bezala, Alemaniaren aurka 25-24ko emaitzarekin galdu ondoren.
Porrotean zerikusi handia izan du Andreas Wolff atezain germaniarraren jardun bikainak; izan ere, hogeita bi geldiketa egin ditu, eta bosgarren aldiz final olinpiko baten atarian geratzera kondenatu ditu bere aurkariak.
Ur-poloan Alberto Munarrizen taldeak Italia garaitu du, polemika eta guzti; izan ere, italiarrek bosgarren posturako lehian sartzeko hasi dute partida, epaileei bizkarra emanez, bere jokalarietako bat portaera bortitzagatik final-laurdenetan kanporatzearen eta sartu berri zuen gola baliogabetzearen aurka protesta gisa. Espainiak 9-11 irabazi du norgehiagoka, eta garaipenari esker, igandean 5. postuagatik lehiatuko dira.