Nahia Zudairek igeriketa egitera gonbidatzen gaitu, haurtzarotik jarduera fisikoa bultzatzeko Basque Teamek eta Ausolanek abian jarri duten 'Aktiba zaitez' kanpainan
Nahia ZudaireBasque Team Fundazioak, goi mailako euskal kirola sustatzen duen erakundeak, eta Ausolanek, gizataldeentzako sukaldaritza enpresak, ‘Aktiba zaitez’ ‘kanpainaren hirugarren edizioa garatu dute, adin goiztiarretatik bizimodu osasungarria eta ariketa fisikoa sustatzeko helburuarekin. Ekimenak, oraingoan, emakumezkoen erreferenteak sortu nahi ditu kirolaren munduan. 2024ko Pariseko Jokoetan erabateko berdintasuna bilatuko da, kirolarien %50 emakumeak izango dira eta %50 gizonak. Beraz, esparru olinpikoko joera hori kontuan hartuta, Basque Teamek eta Ausolanek bultzatutako aurtengo kanpainaren helburu nagusia gaur egun kirol minoritarioetan nabarmentzen diren emakumeen lorpenak ikusaraztea izango da.
‘Aktiba zaitez’ kanpaina hirugarren hiruhilekoan egingo da Euskal Herriko ikastetxeetako jantokietan (gaurtik ekainaren 15era). Eguerdian bazkaltzeko denbora librea aprobetxatuz, proiektuak azpimarratu nahi du “kirola funtsezkoa dela osasun onari eusteko eta gizartea sentsibilizatzeko, gazteenen bitartez”. Horrez gain nabarmendu nahi du “genero-berdintasuna beharrezkoa dela bizitzako esparru guztietan eta, bereziki, kirol-munduan”.
Aurtengo kanpainan goi mailan lehiatzen diren hiru emakume kirolari izango dira protagonista: Jone Magdaleno (taekwondoa), Irati Mitxelena (luzera jauzia) eta Nahia Zudaire (igeriketa egokitua). Kirolari bakoitzak bere diziplina azalduko du, eta erronka edo ariketa fisikoak planteatuko dizkie haurrei (luzaketak, orekarekin lotutako ariketak, indarrarekin lotutako ariketak…). Jolasak eta musika izango dira erreferente femeninoak sortzen laguntzeko tresnak.
Jarduerei eta ariketei esker, ikasleei adierazi ahal izango zaie zein garrantzitsua den elikadura osasuntsua izatea, eta, aldi berean, emakumezko erreferenteak sortzea kirol-diziplina minoritarioetan, Basque Team kirolarien bidez, betiere jantokiaren unea aprobetxatuz, ariketa fisikoa egiteko ikuspegi ludiko eta orekatu batekin.
‘Aktiba zaitez’ kanpaina konprometituta dago Garapen Iraunkorreko Helburuekin
Ekimen hau, gainera, Garapen Iraunkorreko Helburuei lotuta dago, eta hirugarren edizio honetarako, genero-berdintasunari buruzko 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko bosgarren helburuaren garrantzia nabarmenduko da.
Horretarako, kirol minoritarioei buruzko hainbat diziplinatako hiru emakumezko kirolari izango ditugu, ‘Emakumeen Erreferenteak Sortzen’ mezua indartzeko helburuarekin. ‘Aktiba zaitez’ kanpainarekin bat egin duten kirolariek txikienei helarazi nahi dizkieten mezuetako batzuk nabarmendu dituzte.
Nahia Zudairek igeriketa egokituarekin argituko digu muga norberak jartzen diola bere buruari: “Igeriketak uretan ematen dizun askatasuna ez da lortzen lehorreko kirolekin, eta horregatik animatzen zaituztet igeri egitera”.
Ez ditugu ahaztu nahi beste deialdi batzuetako GJHak, beti baitaude Ausolan Hezkuntza Proiektuaren eta Basque Team filosofiaren oinarrian, hala nola ODS3: ‘Osasuna eta Ongizatea’. Izan ere, egunerokoan kirol-diziplina bat uztartzeko oso garrantzitsua da bizimodu osasuntsua mantentzea. Fisikoki eta mentalki osasuntsu egoten laguntzen digu, aktibo egoten, eta horretarako ezinbestekoa da dieta orekatua izatea. 10. GJHak, bere aldetik, ‘Desberdintasunak murriztea’ izenekoak gogorarazten digu desgaitasuna izateak ez duela eragozten kirol batean gorenera iristea.