Nadia Erostarberen adierazpenak Abanca Pantin Classic Galiciako final laurdenetara igaro eta gero
Nadia ErostarbeAriane Ochoa eta Nadia Erostarbe Abanca Pantin Classic Galicia Pro txapelketako final-laurdenetarako sailkatu dira, eta Garazi Sanchezek agur esan du hirugarren kanporaketan
Itsasoa askoz eskuzabalago agertu da gaur gure surflariekin Pantingo hondartzan, nahiz eta korronteek indartsu lan egitera behartu dituzten.
Jardunaldia gizonezkoen txapelketako lehen kanporaketarekin hasi da, ezustekorik gabe. Euskal surflari gehienak, hala nola Bitor Garitaonaindia, Iker Trigueros eta Hans Odriozola, hurrengo fasera igaro dira.
Arratsaldean emakumeak sartu dira lehian hirugarren kanporaketan. Ariane Ochoak eta Garazi Sanchezek lehia polita izan dute eguneko bigarren txandan. Itsasoaren baldintzek energia asko gastatzera behartu dituzte, eta horrek ondorioak ekarri ekarri dizkie, adibidez, Garaziren kasuan. Arianek 5,50eko olatua lortu du, eta 7,23koa ondoren, eta lasaitasun horrek lagunduta errazago burutu ahal izan ditu lanak. Bilbotarra bigarren izan da 12,73ko emaitzarekin eta hurrengo fasera pasa da Maud Le Car frantziarrarekin batera. Final-laurdenetan Pauline Ado Angleteko surflariaren aurka arituko da Ariane. Garazi txapelketatik kanpo geratu da 11,43 punturekin. Penatuta geratu da 35 minutuen hasieran hartutako erabakiekin, azken finean horrek baldintzatu baitu.
Nadia Erostarbek atzo baino gehiago sufritu du Pantinen aurrera egiteko, baina azkenean final-laurdenetarako txartela lortu du. Gaurko txandan Canelle Bulard frantziarra oso indartsu agertu da, une oro lehen postuari eutsiz. Nadiak Lucia Martiñorekin borrokatu behar izan du bigarren postua lortzeko. Zarauzkoak 10,83ko emaitzarekin poltsikoratu du txartela; asturiarrak, berriz, 9,07ko emaitza erdietsi du. Nadiak Melania Suarez kanariarrarekin neurtuko ditu indarrak final-laurdenetan.
Carmen Garay eta Janire Gonzalez Etxabarri euskaldunek ere ez dute zorterik izan eta txapelketatik kanpo geratu dira.
Bihar, gizonak uretara itzuliko dira bigarren kanporaketa jokatzeko, horien artean Andy Criere eta Aritz Aranburu.