Nadia Erostarbek hirugarren postuan bukatu du Challenger Serieetako Sydney Pro txapelketan
Nadia ErostarbeBasque Teameko surflariak CTra iristeko eta historia egiten jarraitzeko pausoak ematen segitzen du
Nadia Erostarbek xarma berezia dauka. Makilatxo batekin ukitutako pertsona horietakoa da; argi geratzen da hori surfeatzen hasten den unetik. Talentua du, iratxoa du, eta zerbait ulertezina, berezia egiten duena. Horretaz gain, zarata handirik atera gabe aurrera doan pertsona horietakoa da. Horrela lortu zuen surfean Joko Olinpikoetarako sailkatu zen lehen euskalduna izatea -hitzordu horretara Andy Criere eta Janire González-Etxabarri euskaldunek lagunduta joango da- eta horrela ari da borrokan maila gorenera, WCT zirkuitura, iritsiko den estatu mailako lehen emakumea izateko. Gizonezkoen koadroan Aritz Aranburuk egin zuen, baina emakumezkoen koadroan oraindik surflari bakar batek ere ez du maila hori lortu estatu mailan.
Aurreko denboraldian, Nadia helburua lortzeko atarian geratu zen, ia txanda batera. Aurten xedea erdietsi nahi du, eta lehen urratsak oso emankorrak izaten ari dira. Goald Coasten jokatu zen Challenger Serieetako lehen txapelketan (WCT zirkuituaren atarikoa), Nadiak bosgarren bukatu zuen, 4.745 puntu poltsikoratu zituen eta bigarren torneoan, Sydney Pron, hirugarren izan da, 6.085 puntu pilatuz.
Zarauztarra 32 onenen kanporaketan sartu zen lehian. Lau olatu zamalkatu zituen bere mangan eta serieko lehen postuan aurrera egin zuen, 8.00 eta 6.80 puntuatutako bi olatu onenekin, 14.80 batu eta Vahine Fierro tahitiarraren (13.14), Nanaho Tsuzuki japoniarraren (9.56) eta Anne Dos Santos brasildarraren (4.30) aurretik bukatzeko.
Lehen kanporaketa horren ostean, Nadiak Zoe Benedetto estatubatuarrarekin neurtu zituen indarrak 16 onenen fasean, eta 13.83ko nota atera zuen, bere aurkariak, berriz, 7.06. Final-laurdenetan Vahine Fierro tahitiarra zuen zain Jokoetako Teahupooko olatuan paper on bat egiteko faboritoetako bat. Nadiak 11.50eko puntuazioa lortu zuen eta Polinesia Frantziarreko surflariak 8.50ekoa. Finalerdian Nadia Erin Brooks kanadarrak gainditu du. Brooksen bi olatu onenei 9.57 eta 7.00 balioa eman zaie, eta Nadiak hartutakoei 3.33 eta 2.33. Zarauztarrak onartu du ez dela bere txanparik onena izan, baina hirugarren postuan bukatu eta sailkapen nagusiari begira batzen jarraitzeko balio izan dio.
Nadia Erostarberen hurrengo hitzordua Challenger Serieetan Hegoafrikan izango da, Ballito Pro txapelketan. Bitartean, Pariseko Jokoetarako prestatzen jarraituko du.