'Matx' podcasta, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saio berria
28-maiatza-2025

'Matx' podcasta, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saio berria

Mikel Linacisoro

Basque Team Fundazioak bere kirolarien inguruko istorioen zabalkunderako saio berria izango du hemendik aurrera, podcast berria  estreinatuko baitu maiatzaren 30ean. Matx-ekin, tokiko kirolaren sare sozialarekin, elkarlanean, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusteko asmoz jaio da saioa. 

Basque Teamek eta tokiko kirolean erreferente den Matx sare sozialak erronka berria dute esku artean. Goi mailan ibili arren, ikusgarritasuna behar duten euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen bideopodcasta ekoizten ari da Matx. Horretarako, Basque Teamen laguntza izango du, Fundazioaren beka duten eta masiboak ez diren kiroletan nazioartean lehiatzen diren kirolariek parte hartuko baitute solasaldietan. Hala ere, ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, protagonisten beste alderdi ezazagunagoa azalaratzea izango du helburu saioak. 
 

Sei kapitulu
Maiatzaren 30ean estreinatuko da saioa, eta lehen gonbidatua Mikel Linacisoro eskalatzailea izango da: “Dagoeneko grabaketa batzuk egin ditugu eta oso gustura ari gara kirolariekin. Asko ireki zaizkigu eta euren alde intimoa, saltseroa eta gertukoa erakutsi nahi dugu”, dio saioko aurkezle Aratz Losadak. “Serio jarriko gara, gai sakonak ere landuko ditugu, eta, noski, gure izaera ganberroari eutsiz, momentu batzuetan, jolasean edo estutasunen batean ere jarriko ditugu gonbidatuak” gaineratu du. Matx podcastaren lehen denboraldiak sei kapitulu izango ditu. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan saio berri bat ikusteko aukera izango dute sare sozialeko eta Basque Teameko jarraitzaileek. Entzuteaz gain, saioa ikusteko aukera ere egongo da. 

Kapitulu guztiak www.matx.eus sare sozialean ikusi ahal izango dira inon baino lehen. Era berean, Basque Teamen plataforma digitalek, Matx-enek eta Tokikom taldeko hainbat komunikabidek ere eskainiko dituzte saioak euren webguneetan, telebistetan eta irratietan. 

Hainbat helburu 
Saioaren helburuei dagokionez, erantzun bateratua eman nahi izan dute saioa ekoizten ari diren Matx-eko eta Basque Teameko arduradunek: “Eragile txikiek egiten duten lana aitortu nahi dugu, eta kirol minoritarioei ikusgarritasuna ematea da gure nahia. Kirol masiboez haragoko erreferenteak sortzea, alegia. Azkenik, sareetan entretenimendua eskaintzen duten euskarazko kirol edukien beharra identifikatu genuenez, indarrak batzeko aukera paregabea zela ikusi genuen”. 

Gogoratu behar da, gainera, Basque Team Fundazioa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikaren sailaren barruan kokatuta dagoela eta arreta berezia duela euskararen erabileraren sustapenean. Goi mailako kirolariak horretan laguntzeko agente paregabeak dira, gizartearen eredu direlako. Euskaraldian ere parte hartu dute eta honakoa urtean landutako bigarren mugarri nagusia litzateke zentzu horretan.  

Honekin lotutako berriak

26-martxo-2026

Basque Team KORRIKArekin!!!

Informazio gehiago
06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago