Maider Unda Munduko Txapelketan.
23-iraila-2009

Maider Unda Munduko Txapelketan.

Maider Unda Munduko Borroka Libre txapelketan lehiatuko da Herninen (Danimarka).

BAT Basque Team-i atxikitako Maider Unda borrokalariak Munduko Borroka Libre Txapelketa jokatuko du ostiral honetan Herning hirian (Danimarka), 72 kiloko kategorian. Espainiako txapelketa hamaika aldiz irabazia duela, nazioarteko norgehiagoketan egin dituen orain arteko jardunik onenak hobetzeko asmoz parte hartuko du Munduko Txapelketa honetan. Unda bosgarrena izan zen Beijing-eko Olinpiadan eta duela bi urte Bakun-n (Azerbaian) jokatutako Munduko Txapelketan.

72 kiloko kanporaketa eta final guztiak ostiralean bertan egingo dira, irailak 25, guztira herrialde desberdinetako 27 borrokalari elkarren aurka dihardutela. Maiderrek alpaldiko lagunak ere aurkituko ditu aurkari horien artean, hala nola Stanka Zlateva bulgariarra (zilarra lortu zuen Beijing-en) edo Ali Bernard iparramerikarra (laugarren postua Olinpiadan).

Borrokalari arabarrak kontu handiz prestatu du denboraldiko azken hitzordu handi hau: aurten bertan Vilnius-en (Lituania) jokatutako Munduko Txapelketan lortu zuen hamaikagarren postuaren ondoren, Maiderrek nazioarteko lehiaketa desberdinetan parte hartu du udan, eta urrezko domina lortu du Sassari-n (Italia), brontzea Madrilen eta zazpigarren postua Poloniako Warsaw Cup delakoan.

Maider Unda (Gasteiz, 1977/7/2) 9 urte zituela hasi zen borrokan trebatzen Otxandion (Bizkaia); lehendabizi Sambo espezialitatean, eta hortik borroka librera jauzi egin zuen behin-betiko. 2000 urtetik hona ez du pareko areriorik izan Estatuko txapelketetan, eta Europako eta munduko txapelketetan parte hartu izan du. Kirol jardunetik at, Maiderrek artzain eta gaztagile finaren fama ere lortu du, Idiazabal izendapena daraman artzain-gazta egiten baitu familiak Aramaion (Araba) duen Atxeta baserrian.

Danimarkara abiatu baino lehen, Maiderrek azaldu du “denboraldi osoa karta bakar batean” jokatu behar duela. “Lan guztia eginda dago jadanik, eta dena egun bakar batean jokatzeak tristea dirudien arren, halakoxea da gure kirola, eta ez dago aitzaki edo estakururik asmatzerik, zure onena eman behar duzu lehiaketa jokatzen den egunean”. Bere helburuei dagokienez, ziur dago ez zuela sinatuko bosgarren postua errepikatzearen alde. “Urte osoa lanean eman ondoren, ez naiz horrekin konformatuko; ni neu, irabazteko asmoz abiatuko naiz Danimarka aldera, eta gero gerokoak”.

Honekin lotutako berriak

12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

Taburik eta isilunerik gabe, GELDIEZINAK-IMPARABLES proiektuak emakumeen kirola eraldatzeko lanean jarraitzen du

Informazio gehiago
08-maiatza-2026

‘Matx’ podcastaren, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saioaren, bigarren denboraldia hasiko da

Informazio gehiago
07-maiatza-2026

Basque Team Fundazioak eta Laboral Kutxak goi mailako kirolarien laneratzea sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Informazio gehiago
05-maiatza-2026

‘Basque Team 2026 Bekak’ eskatzeko epea ireki da

Informazio gehiago
17-apirila-2026

Taldeak gidatzeko artea: aldageletatik ikasten

Informazio gehiago