Maialen Chourraut eta Olatz Arregui piraguistek zilarra lortu dute Laia Sorribesekin batera Lee Valleyko Munduko Txapelketako taldekakoan
Maialen ChourrautMaialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabeak eta Olatz Arreguik, (biak Basque Team Fundazioaren aldeko bekadunak), podiumeko bigarren tokira igo dira Laia Sorribesekin batera, gaur Lee Valleyn (Ingalaterra) hasi den eslalon piraguismoko Munduko Txapelketako kayakeko patruilen proban.
Lehiaketako lehen jardunaldia taldekako probei eskainita egon da, eta ez da batere gaizki joan euskal palistentzat. Maialen Chourrautek, Olatz Arreguik eta Laia Sorribesek osatutako hirukotea, entrenamenduetan egindakoa praktikan jarriz, eta 15. atean ukitu bakar bat joz, urrea lortzetik oso gertu geratu da, Australiako taldetik +0.29ra. Britainia Handiak (+0.40) eskuratu du brontzea.
Kayaketan ere, baina gizonezkoen taldean, Pau Echaniz, Basque Teameko eta Euskadiko Federazioko bikaintasun proiektuko kidea, hamargarren izan da, David Llorente eta Miquel Traverekin batera. 18 ateetan ez dute ukiturik egin, baina euren denbora, 101.04, ez da nahikoa izan gaur dominengatik borrokatzeko, Krakoviako Europako Jokoetan egin zuten bezala. Txapelketa horretan, aurtengo uztailaren hasieran, urrea eskuratu zuten.
Gaur kanoan Miren Lazkano eta Klara Olazabal Basque Teameko bekadunek parte hartu dute. Gipuzkoarrek, Nuria Vilarrublarekin batera, laugarren amaitu dute patruilen proba. Dominak, oraingoan, Britainia Handira, Txekiar Errepublikara eta Esloveniara joan dira. Lazkano, Olazabal eta Vilarrublaren hirukoteak 3.17ra amaitu du, 15. atean zigorra jasota.
Bihar banakako lehiaketa hasiko da kanoako lehen txandekin. Klara Olazabalek bere lehen txanda jokatuko du 12:03an (Euskadiko ordua) eta Miren Lazkanok ondoren, 12:04an.
Gogoratu behar da Lee Valleyko Munduko txapelketa oso garrantzitsuak dela, ez bakarrik Munduko tituluagatik, baita Paris 2024rako plazak jokoan daudelako ere.