Lucas Eguibarri buruzko atalak estreinatuko du 'BAT To PyeongChang' erreportaje saioa asteburu honetan Euskal Telebistan
05-urtarrila-2018

Lucas Eguibarri buruzko atalak estreinatuko du 'BAT To PyeongChang' erreportaje saioa asteburu honetan Euskal Telebistan

Lucas Eguibar

Basque Teameko snowboardlariak kontatuko du nola bizi dituen bere bigarren Olinpiar Jokoak bihar ETB2n 13:45etan eta igandean ETB1eko ‘Oreka’ programaren barruan eskainiko den erreportajean

Getxo, 2018ko urtarrilaren 5ean. Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztutako Basque Teamen saioak Lucas Eguibar izango du protagonista bere estreinaldian, ‘Dominaren bila’ deitutako atalean.

Donostiarra 2014ko Sotxiko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen. Orduan bere anaia Nicok Errusiako hitzordu olinpikoa heldu baino lehen izandako moto istripu larria gainditu, eta diploma eskuratu zuen. Txanda guztiak irabazi zituen finalera igarotzeko aukera ematen zuena izan ezik. Oraingoan, PyeongChangen, arantza hori atera nahi du.

Lucas Eguibar (Donostia, 1994) 2015eko snowboardeko Munduko Kopan nagusitu, eta estatu mailan neguko kirol batean Kristalezko Globoa altxatzen lehena izan zen. 2017an kirol horretan erreferentea dela erakutsi zuen berriro, Sierra Nevadan jokatutako Munduko txapelketan txapeldunordea izanik, bai bakarka bai taldeka.

Dena den, zilarrezko bi dominak lortu eta berehala, Israel Planas bere entrenatzailea zendu zen; beste kolpe bat gipuzkoarrarentzat. Oraingoan berriz ere ezbeharra gainditzea da Lucasen asmoa, Koreatik beste domina batekin bueltatzeko eta hori bere teknikaria izandakoari eskaintzeko.

‘BAT To PyeongChang’

2018ko Pyeongchangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien esfortzua norainokoa izan den argi eta garbi erakutsiko du urtarrileko lehen asteburutik otsaileko bigarren asteburura Euskal Telebistak eskainiko duen erreportaje bildumak. ‘BAT To PyeongChang’ saioak ‘BAT To Rio’ saioaren lekukoa hartuko du horrela; udako hitzorduan parte hartu zuten euskal kirolari olinpikoak aurkezteko erabilitako formula berrartuz.

Erreportaje sorta honek ikusentzunezko istorio handien osagaiak ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko nahia erakutsiz. Programak pertsona berezi hauen profiletan jarriko du arreta ikuslearen inplikazioa bilatzeko asmoz, ikuslea borroka horretan kirolariaren bidelagun izan dadin.

‘BAT To PyeongChang’ astero emitituko da, larunbatetan 13:45etan ETB2n eta ‘Oreka’ programaren barruan igandero ETB1en. Saio bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du eta horrela, Jokoak hasteko hilabete falta denean, Hego Koreako hirian lehiatzeko sailkapena eskuratzeko borrokatu diren euskal kirolarien istorioa ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztuta, Iñigo Asensiok zuzenduta eta Iñigo Erasok errealizatuta, programak irudi zoragarriak eskainiko ditu, ikusentzunezkoetan puntako teknologia erabili baitute. Asensiok eta Erasok eskarmentu handia dute telebistan, kirola eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu dituzte eta. Biak izan ziren ‘BAT to London’ eta ‘BAT To Rio’ saioen egileak.

Honekin lotutako berriak

13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago