Basque Teameko snowboarderra hemeretzigarren aldiz igo da Munduko Kopa bateko podiumera Les Deux Alpeetako proban
Lucas Eguibarrek aurreko denboraldia amaitu zuen modu bikain berean hasi du oraingoa. Basque Teameko kirolaria Munduko zirkuituko izen handienetako bat da. Iaz ere erakutsi zuen, erregulartasun harrigarriarekin, bigarren postua bereganatuta Munduko Kopako sailkapen nagusian, eta denboraldi honetan ere hau indartsu itzuli da.
2022an laugarren postua lortu zuen Frantziako estazioan eta aurten denboraldi hasiera on hori hobetu du. Argi hitzegin zuen Munduko Kopako lehen hitzorduari ekin aurretik. Fisikoki, mentalki eta taktikoki bere unerik onenean zegoela eta bere asmoa hasieratik irabaztera irtetea zela ziurtatu zuen. Hala izan da.
“Hasieratik ari naiz estutzen. Ondo egon naizen urte askotan, beti amaitu dut Kristalezko Globoa lortzeko borrokan. Iaz azken urteetako garrantzitsuena izan zen. Beste denboraldi batean hirugarren amaitu nuen, eta beste bitan laugarren. Hasieratik denboraldi ona eginez Globoagatik borrokatzeko aukera asko ditugula uste dut ” adierazi zuen Lucasek lasterketaren aurretik.
Meteorologiak proba igande honetara atzeratu du; jardunaldi berean sailkatze txanda eta lasterketa jokatu behar izan ditzute. Sailkapen saioan Lucas Eguibarrek hirugarren denborarik onena egin du (1:03.86), eta Alvaro Romerok 43. postuan bukatu du (1:06.83).
Eguibar, beraz, final-hamaseirenetan sartu da, eta bere lehen txanda horretan lehen postuan bukatu du, Huw Nightingale britainiarraren, Guillaume Herpin frantziarraren eta Matteo Menconi italiarraren aurretik.
Final-laurdenetan donostiarrak esfortzu handiagoa egin behar izan du. Bigarren postuan abiatu da, hurrengo bi tarteetan hirugarrenera pasatuz eta amaiera irauliz finalerdietara bigarren postuan sartzeko, Merlin Surget frantziarraren atzetik.
“Luki” finalerdian jarraitzaileak azken unera arte zain izan ditu, azken bi tarte kronometratuetan laugarren postuan geratu baita. Ibilbidearen azken zatian bigarreneraino igo eta final handira iristea lortu du, Kalle Koblet suitzarrarekin batera.
Azken urteotan sailkapenetako postu onenak betetzen ari diren izen handientzat erreserbatuta egon da finala: Eliot Grondin, Alessandro Haemmerle, Kalle Koblet eta Lucas Eguibar. Gipuzkoarrak aurrea hartu du portilloia irekitzean, baina gero hirugarren postura jaitsi da eta horri eutsi dio amaierara arte. Urrea Grondin kanadarrak eskuratu du, zilarra Haemmerle austriarrak eta brontzea Eguibarrek.
Gaurkoarekin, Lucas Eguibarrek 19 podium sinatu ditu Munduko Snowboardcross Kopan, lehena Les Deux Alpesen.
Hurrengo Munduko Kopa Cervinian (Italia) jokatuko dute, abenduaren 15etik 17ra.