Lucas Eguibarrek azken Munduko Kopa jokatuko du Cortina d´Ampezzon Beijingo Jokoetara abiatu aurretik
28-urtarrila-2022

Lucas Eguibarrek azken Munduko Kopa jokatuko du Cortina d´Ampezzon Beijingo Jokoetara abiatu aurretik

Lucas Eguibar

Basque Teamen bekaduna den Lucas Eguibar snowboarderrak Beijingeko Jokoen aurreko azken Munduko Kopa jokatuko du, oso motibatuta baina indarrak neurtu nahian, datorren otsailaren 10ean jokatuko den hitzordu olinpiko handiari begira.

Egungo Munduko txapelduna Txinako hiriburuan podium olinpikora igotzeko faboritoetako bat da. Donostiarrak diploma bat lortu zuen 2014ko Sotxiko Jokoetan, baina ez zitzaion hain ondo joan Pyeongchangen, 2018an, final-zortzirenetan kanporatuta geratu baitzen. Oraingoan, arantzatxo hori atera eta bere kirol ibilbidea domina olinpikoarekin osatu nahi du. Bere Ibilbide horretan, nabarmentzekoak dira 2015eko Munduko Kopan irabazitako Kristalezko Globoa, 2017ko Sierra Nevadako Munduko txapelketan erdietsitako zilarra eta 2021ean Idre Fäjllen lortutako Munduko titulua.

Munduko txapelketa horren ondoren, bizkarreko lesio bat eraman du arrastaka, eta uda honetan hainbeste maite duen kirolean jarraitzea zalantzan jartzen hasi zen horregatik. Hala ere, badirudi azken infiltrazioek fruitua eman dutela, eta Lucasek dio sasoi onean dagoela, baina ez du ukatzen ahalegin handia egin behar duela hemen indarrak ez agortzeko eta bere aukerak ez murrizteko urteko helburu handiari begira. “Nire burutik pasatzen da hau lasai hartzea, lasterketa hau gozatzea, sentsazioak hartu eta pixkanaka, Jokoetan pentsatzen joatea. Azkarrak izan behar dugu, ez dugu dena jokatuko lasterketa honengatik, baina, aldi berean, oso lasterketa garrantzitsua da eta dena eman behar dugu sailkatzeko”, adierazi dio snowboarderrak Basque Team fundazioari gaur goizeko entrenamenduen ostean.

“Zirkuitu polita da. Hasieran, hiru edo lau bihurgune itxi-itxiak daude, eta oso estua da; nire ustez, hor ezin da ezer aurreratu. Azken zatia oso zuzen luzea da, eta super polito dago. Abiadura hartzen da eta hori da niri gustatzen zaidana. Gainera, gaueko lasterketa izanda, oso dibertigarria izango da” gaineratu du Basque Teameko kirolariak.

Denboraldi honetan, Munduko Kopako emaitzarik onena Cerviniako proban lortu zuen, joan den abenduan. Bertan podiumeko hirugarren tokira igo zen.

Honekin lotutako berriak

16-ekaina-2026

Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako

Informazio gehiago
18-maiatza-2026

ZORU PELBIKOA: Aktibazioa eta erlaxazioa

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

Taburik eta isilunerik gabe, GELDIEZINAK-IMPARABLES proiektuak emakumeen kirola eraldatzeko lanean jarraitzen du

Informazio gehiago
08-maiatza-2026

‘Matx’ podcastaren, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saioaren, bigarren denboraldia hasiko da

Informazio gehiago
07-maiatza-2026

Basque Team Fundazioak eta Laboral Kutxak goi mailako kirolarien laneratzea sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Informazio gehiago